GARA
KANBO

Integrazio Batzordeak irakasleez arduratzeko eskatu dio Estatuari

Integrazio Batzordeak Estatu frantseseko Hezkuntza Ministerioak ematen dituen baliabide eskasak salatu, eta eskatu dio bost irakasle berezituren ardura bere gain hartzea. Ikastoletan inklusioa bermatzeko gero eta behar handiagoak daudela ohartarazi dute, eta ikasturte hasieratik 22.000 euro bideratu dituzte laguntzaile berezituetara.

Integrazio Batzordearen agerraldia, Kanboko Xalbador kolegioan.
Integrazio Batzordearen agerraldia, Kanboko Xalbador kolegioan. (Pauline BIDART)

Kanboko Xalbador kolegioan eman zuen herenegun Integrazio Batzordeak bere egoeraren berri. Azaldu zuenez, 2025/2026 ikasturtean Pertsona Elbarrien Departamenduko Etxearen (MDPH) elbarritasun aitorpena duten 171 ikaslek eman dute izena Seaskako lehen eta bigarren mailetan, eta Seaskaren bost kolegioetan inklusiorako egitura pedagogikoak ireki dira. Alta, «Frantziako Hezkuntza Ministerioaren eskutik errezibitzen ditugun baliabide mugatuek baldintzatzen gaituzte, eskolan inklusioa bermatzea eguneroko desafioa bilakatzeraino».

Hori guti ez, eta ministerioa prestatzen ari den erreforma «sakona» ere hizpide izan zuen batzordeak. Hain zuzen, orain arte bi egitura ezberdin arduratu dira inklusioaz: bata laguntzaile berezituen banaketaz, eta bestea, beharrak dituzten ikasleen behaketaz. Bada, egitura berri bat sortu da, eta hemendik goiti hori arduratuko da lanpostuen banaketaz eta, salbuespenak salbuespen, ikasleen egokitzapen eskaera gehienez. Elkarteak salatu du funtzionamendu berri horrekin aurrerantzean Hezkuntza Ministerioak «finantzamendua osoki» menperatuko duela eta ez duela emendatzeko baliatuko.

«Frantziako Hezkuntza Nazionalak inklusioa bermatzeko baliabideak murrizten dituen bitartean, beharrak etengabe handitzen dira». Egoera horrelakoa izanik ere, elkarteak beharrezkotzat jotzen du «lortua den inklusio batek autonomiara eramaten duela» kontuan hartzea. Argi du helburua dela «haur guztiek ikastolan beren lekua izatea, ahal bezain luzaz eta baldintza egokienetan».

Horretarako, pedagogia funtsezkoa da, horrek sortzen baitu «egiazko inklusio giro bat» ikasgelan. Haatik, «pedagogia egokitzeko irakasle berezituak eta formakuntzak behar dira», eta Hezkuntza Ministerioak ez duela horretarako baliabide gehigarririk ematen salatu zuen Integrazio Batzordeak. Hori dela eta, gaur egun inklusiora zuzendutako lanpostu gehienak Seaskaren gain dira. Gauzak horrela, «beste sareek dituzten baliabide berak» galdegin zituen. Praktikan, Hezkuntza Ministerioak bost irakasle berezituren ardura bere gain hartzeko eskatu zion.

2026ko kanpainari begira ere jarri da jada Integrazio Batzordea, eta 156.100 euro beharko dituela aurreikusten du. Hainbat ekimen prestatu ditu kopuru hori eskuratzeko; besteak beste, Nafarroa Behereko ikastolek hilaren 7 eta 8an jantzi salmenta eginen dute; Senpereko ikastolak hilaren 14rako kantu bazkaria prestatu du; eta Angeluko ikastolak hilaren 15ean Itsas Laminen Korrika eginen du.

PREKARITATEA EZ DA ALBISTE

Erreformak Ipar Euskal Herriko ikastoletan inklusiorako baliabideak egotea zailduko badu ere, alorraren ezegonkortasuna ez da kontu berria. Preseski, Integrazio Batzordeak oroitarazi zuen behin baino gehiagotan deitoratu duela inklusiorako aurrekontuaren murrizketa. Urrian jakinarazi zuen Hezkuntza Ministerioaren laguntzaile berezituak diruztatzeko aurrekontua bukatua zela jada.

Horrez gain, laguntzaile horiei 23,5 orduko kontratua egiten zaie; alta, ikasleek astean 24 klase ordu dituzte.