«Laku bat orroka»-ren doinuan eginen du dantza Senpereko aintzirak Herri Urratsen
Herri Urrats Ipar Euskal Herriko ikastolen jairako Haira Aizpuruak idatzitako kantuari honako artistek ezarri diote ahotsa: Patxi Casenavek (Maskak), RTZ kolektiboak, Pello Armendarizek (Marte Lasarte) eta Lide Hernandok (Bele). Eñaut Castagnetek zuzenduriko bideoklipa atzo arratsaldean plazaratu zuten.

Pixkanaka-pixkanaka, Seaska hasia da aurtengo Herri Urratsi buruzko pista batzuk ematen. Azaroan data eta leloa iragarri ondotik, kantuaren eta bideokliparen txanda izan zen atzo. Hala, edizio honetarako kulturgile andana elkartu ditu Ipar Euskal Herriko ikastolen bestak, eta “Laku bat orroka” kantua da bateratze horren emaitza.
Patxi Casenavek (Maskak), RTZ kolektiboak, Pello Armendarizek (Marte Lasarte) eta Lide Hernandok (Bele) abesten dituzte Haira Aizpurua Ibargaraik idatzitako hitzak. Bost horiez gain, beste artista anitzek ere parte hartu dute sorkuntzan: Mizel Zamora arduratu da musikaz; Nikolas Armendariz, bateriaz; Xan Bidegain, baxuaz; Iñaki Ospital eta Julien Labat, gitarraz; Battitt Etchart, teklatuez; Txomin Duhalde, saxofoiaz; Ximun Garat, tronpetaz; eta Amaiur Coscarat, tronboiaz.
Aizpuruak, kazetarien galderei erantzunez, aitortu zuen ez dela ariketa «erraza» izan, ez baitzuen «deus», leloa eta «hitz batzuk sartzeko aholkua» baizik ez: «Biziki librea izan da idazkera». Hori dela eta, ardura handiz bizi izan duela nabarmendu zuen.
Bera Seaskako ikasle ohia izanik, Herri Urrats «anitz markatu» duen ekimena izan dela azpimarratu zuen, eta oroitzen du oraindik ikastolan zelarik bestarako abestia kaleratzen zen unea biziki garrantzitsua izaten zela, baita ikasgelan hitzak ikasten zituztela ere. Bukaerako emaitza ere «biziki ederra» iruditu zaio.
Lana entzungai jarri zuten lehenik, eta, horren ondotik, arratsaldean, ETB1eko “Biba zuek” saioan egin zuten bideokliparen estreinaldia.
Eñaut Castagnetek zuzendu du ikus-entzunezkoa, eta «ezberdinki» egiten saiatu da; hau da, «film bat egiten den bezala»: aktoreak, gidoi bat, dekoratua... Horrekin aski lan ez, eta 1980ko hamarkadan oinarritu da bideoa egiteko; hortaz, duela lau hamarkadako dekoratu, jantzi eta gaineratekoak deskubritzeko aukera izanen da gaur iluntzean.
Dena dela, helburua bete dutela uste du, baina horretarako jende eta laguntza anitz behar izan dela oroitu, eta biziki eskertua agertu da. Halaber, «zoriontzekoa» iruditzen zaio aktoreek egin duten lana.
LELOA OSATUZ
Badirudi biziki ongi jasotzen dutela Aizpuruaren hitzek Herri Urratsen aurtengo aldarria, Seaskako ordezkariak leloa aldatzeraino eraman ditu eta. Justuki, azaroan “Geroa eraikiz” leloa aurkeztu bazuten ere, kantua entzun eta, bigarren zati bat gehitzea erabaki du elkarteak. Hala, “Geroa eraikiz, laku bat orroka” da aurtengo edizioaren lema.
Koldo Rodriguezek, Herri Urratsen koordinatzaileak, uste du Senpereko aintziratik «benetan» orro egin beharko dela bi hil barru, egoera larria baita: euskarak «larrialdi linguistikoa» bizi duela erran zuen, eta, hori zehazteko, Seaskak bizi dituen zenbait egoera ekarri zituen gogora, hala nola azterketak euskaraz egiteko ezintasuna.
Hala ere, oso pozik dago aurkezturiko lanagatik, «belaunaldien arteko lankidetzaren emaitza» baita, bere ustez: «Biziki harro gara ahalegin honetan arrakasta izan dugulako, elkartasunak, konpromisoak, iraunkortasunak eta guztion lanak gauza benetan ederrak sortzera eramaten gaituztela erakusten digu».

«La decisión de restaurar en el trono a Reza Pahlevi es de Israel»

«Unea da kulturgintzan sortutako kontraesanei aterabide bat emateko»
Es sencillo: siempre queremos que gane nuestro equipo, y en todo caso un vasco
17 de marzo, huelga general
