Jon GARMENDIA
Idazlea

Mimatuak

Les enfants gaté» erraten zaie frantsesez haur mimatuei, esker txarrekoei. Ez doa hau gure haurrei buruz, ordea, erraza baita besteei zigortzea geure buruari barkatzen dioguna. Reala eta Athleticen arteko partidua zen «Bilbaino el que no bote» dantzatzen hasi zirenean Anoetan. Aurretik danborradan agertu zen, eta orain estadiora hedatu da. Editorial bikain bat zekarren egun horretan Garak, bigarren taldea euskaldun bat dugula zioena. Aberria hor datza, gure herritik harago doan maitasunean, eta bestearen parte izatearen harrotasun sentimenduan. Baina hori ederki dakite tipitu eta txikitu nahi gaituztenek ere. Hor elikatzen dute zatiketa eta gorrotoaren munstroa Euskal Herriaren kontrako hedabideek eta jendeek. Merezita sartu da Reala errege kopako finalera, lehen mailako euskal talde guztiak kanporatu ditu, eta egun, futbolean ondoen jokatzen duena da, zoriontzea besterik ez zaigu gelditzen beste euskal talde bateko zaleak garenoi, edo bai, eskaera bat: Atletico Madril garaitu dezala. Era berean, kezka sortzen dute oihu edo kantu txepelen areagotzeek, ez baitu balio «nik ez dut erran» edo «euforia momentu bat dela» aipatzea, bestaldean inork min hartzen badu aipamena mingarria den seinale da, eta hor «stop» errateko garaia da; gehiengoa garelako oraino herriaren batasunean sinisten dugunak, edo, hain esker txarrekoak ez garenak.