Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Ormuz, amen Jesus!

Gaizkiaren ardatz asko eta askotariko planeta. Meridianoak paraleloan dituena, errealitatea kokatzea zailduz. Elipsoide antzekoa zenak pentagono itxura hartuz. Errotazioaren abiadura kontrol barik arinduz. Lehen potentzia militarra baina lehen ekonomikoa ez denak aginduz. Bakea zentzuz litekeena odolduz. Gaza ahaztuz. Era guztietako armak erruz. Petrolio iturriez eta, batez ere, bideez jabetuz. Planetako jabea izatea helburuz. Groenlandiako izotza urtuz. Euren zeruan berrogeita hamar izar, besteenean hamaika misil eta obus. Atzeko patioan erruz, bere kabuz. Hala moduz! Amen Jesus! Kolpea gero, euren mapamundian izar beltz bat da ageri, Ormuz! Kontuz! Itsasarte bat egungo sistema ekonomikoaren estugune. Politikarako arterik ez hor. Batzuk moketa lehorretan itoko balira sikiera! Gaitz erdi! Gaizkile gutxiago! Bitartean telebistako eguraldiko mapan sinbolo berria behar, misilen nondik norakoa. Misil-Jakue bidea!

Ez, ez zait erraza egiten espazioan kokatzea. Denboran kokatzeko ere arazoak ditut, eta eskolatua naiz, kontuak atera! Planeta zoratu dute han-hemen, hortik pasatuta ere. Kolpea gero! Litekeena da behingoz zoratu behar izatea, sakon eta zabal zoratu ere, etorkizun sano bat amestu ahal izateko, trantsizioak trantsizio. Baina gaur eta hemen, aspaldiko filosofo harena eraldatuz: “Dakigun bakarra da ez dakigula zer ez dakigun”. Ziurgabetasuna dugu ziurtasun bakarra. Kontrolik gabeko zabortegi erdian ikusten dut neure burua, kanpo sano garbira atera nahian norabide eta abiadura egokian; eta hara! zaborra zapaldu behar, nahitaez! Beste harena gogoan: “Kakan jartzean probatzen den nolakoa den ideien eltzea”. Trantsizioa(k) sutan eltze! Nork bere itsasarte! Ezkor aktiboa izateko garaia. Eta orain Korrika. Euskara naiz eta gara. Euskaldunon buruaren alderik aktiboena delako.