Lara MALVESI (EFE)

Balenciaga maisuaren jostunak, izar

Balenciagak aktore eta erreginak jantzi zituen. Ospetsua zen, baina inork ez zituen ezagutzen berarentzat lan egiten zuten jostunak.

Jostun talde bat, Balenciaga etxearentzat lanean, 1930. urtean.
Jostun talde bat, Balenciaga etxearentzat lanean, 1930. urtean. (Ricardo MARIN | KUTXA FUNDAZIOA FOTOTEKA)

Mundu guztiak daki nor den Cristobal Balenciaga Eizaguirre (Getaria, 1895 - Javea, 1972), XX. mende erdialdean Parisen aritu zen diseinatzaile euskaldun handia, Christian Dior eta Coco Chanelen garaikidea. Alabaina, ez da bera protagonista Bartzelonan ospatzen ari den Feed Doc zinema eta moda jaialdian, baizik Balenciaga etxearen inperioa zabaltzen lagundu zuten emakume ezezagunak. “Las manos que cosen” erakusketa eta dokumentalean agertzen dira. Hamar bat andreren testigantzetatik abiatu zen proiektua, Balenciaga Fundazioko Igor Uria ikerlariak apurka-apurka haiekin harremanetan jartzea lortuta. Hala, Itxaso Diaz ikus-entzunezkoetako artistak 50 eta 60ko hamarkadetan las chiquitas deitzen zieten emakume horiek elkarrizketatu zituen. «Gehienak oso gazte hasi ziren, baita 14 urterekin ere, eta han ikasi zuten lanbidea. Familia bat bezalakoa zen», kontatu du Uriak. 1962tik 1968ra Donostiako tailerrean jardundako Loli zen haietako bat, eta, kontatzen duenez, gehienek ezkondutakoan lana uzten zuten. Ezkontzen zirenek eskubidea zuten aurreko bildumako patroia erabili eta firmako soineko batekin ezkontzeko.