CCOOren «mehatxuen» aurrean borrokan segitzera deitu du EHEk
Euskal Herrian Euskaraz-ek agerraldia egin zuen atzo Donostiako epaitegi aurrean, CCOO sindikatuak igorritako «mehatxu gutuna» dela eta. Idatzi horretan, adiskidetasunezko konponbidea adostea proposatzen du sindikatuak, bide judiziala hartu aurretik.
CCOOk gutuna bidali dio Euskal Herrian Euskarazi (EHE), bere irudi, ospe eta marka eskubideak urratu dituela egotziz, iragan abenduan eginiko ekintza baten harira. Bide judiziala hartu aurretik, «adiskidetasunezko konponbidea» adosteko proposamena egin dio sindikatuak.
Gainera, EHEk jakinarazi duenez, «mehatxu» egiten du Andoaingo Udala ere demandatu lezakeela, «bi eragileen arteko lotura faltsua eginez», informazioa «euskaratik gaztelaniara desegoki itzuli» duelako sindikatuak.
Hala azaldu zuen EHEk atzo Donostiako epaitegiaren aurrean egindako agerraldian. Bertan, sindikatuaren jarreraren aurrean «borrokan jarraitzeko» deia zabaldu zien euskaltzaleei. Esan zutenez, “Argia”-n argitaratutako albisteek «berretsi dute CCOO euskaldunon eskubideak murrizteko eta euskararen bazterketa betikotzeko estrategia antolatu baten parte dela».
OLENTZERO, EPAITEGIRA
Abenduko ekimen batean EHEk sindikatuaren Gasteizko egoitzan ikatza uzteagatik jo nahi du CCOOk epaitegietara. Hori ekiditeko, bost «konpromiso» hartzea eskatzen dio sindikatuak EHEri: Batetik, «eduki arau-hauslea» berehala kentzea sare sozialetatik. Bigarrenik, CCOOk dituen «eskubide esklusiboak aitortzea». Etorkizunean, CCOOren irudiari, jabetza industrialari eta instalazioei eragiten dien antzeko ekintzarik ez egitea edo ez zabaltzea; aipatutako baldintzak bete izanaren frogak aurkeztea eta, azkenik, komunikazio horren konfidentzialtasuna gordetzea, baita «bertatik etor daitezkeen negoziazioena ere».
EHErentzat sinestezina da ikatza eramateagatik eta pegatina batzuk itsasteagatik «Olentzero epaitegira» eraman nahi izatea. «Ez al dakizue zein den Olentzeroren jardunbidea? Gaizki portatzen direnei ikatza ematea. Halakorik jaso nahi ez baduzue, zintzoak izan; euskararen aurkako talde antolatuen sustapenean aritzea eta Olentzerok opariak eramatea ez baita bateragarria».
«EHE ez duzue halako mehatxuekin kikilduko. Euskararen aurka abiatutako estrategia gelditu ezean, zuen jarrera euskarafoboa salatzen jarraituko dugu», aldarrikatu zuten.

«Hau da gure herria, hau da gure selekzioa, hauek dira gure koloreak»

«Konponbide demokratikoa behar du euskal gatazka politikoak»

A un centro para ancianos con 67 años por tener discapacidad
El hermano de Lamine
