GARA
DONOSTIA

ETB3ren itxiera kritikatu du EITB Mediako langile batzordeak

Haurrei zuzendutako euskarazko ETB3 telebista katearen itxiera salatu du EITB Mediako langile batzordeak. Erabaki horrek euskarazko edukiak eskuratzeko aukera zailduko duela nabarmendu du. Horrekin batera, EITBren artxibo digitalaren galera ere gertatuko dela salatu du, gogoratuz EITB Nahieran atarian telebistan zein irratietan ekoitzitako guztiaren bilduma historikoa kontsultatzeko aukera zegoela.

«Doraemon» saila zen ETB3ko edukietako bat.
«Doraemon» saila zen ETB3ko edukietako bat. (EUROPA PRESS)

2008ko urrian sortu zuten ETB3 haurrei zuzendutako telebista katearen itxiera kritikatu du EITB Mediako langile batzordeak. «Lehenak eta bakarrak gara Estatu osoko komunikabide publikoetan horrelako erabaki bat hartzen», salatu du.

Izan ere, ikus-entzunezko edukiak ia erabat digitalki kontsumitzen direla argudiatuta, Makusi plataformara bideratu dituzte ETB3ko edukiak. Alabaina, Eustatek 2025eko abenduan emandako datuen arabera EAEko etxeen ia %40an telebista Internet bidez ikusteko ohiturarik ez dagoela eta merkatuan dauden telebista adimendunen %20 ez direla Makusi plataformarekin bateragarriak gogorarazi zuen atzo langile batzordeak.

«Hemendik aurrera, ETB1 On kate berriak euskarazko edukiak nazioarte mailan zein mundu digitalean zabaltzen lagunduko du, baina trukean, Hegoaldeko haurrek esparru horretan soilik aurkituko dituzte eurentzako edukiak; lehen baino leiho gutxiagotan, alegia. Iparraldean, berriz, haurrek ezin dute gaur-gaurkoz Makusiko edukien %73 ikusi», gaineratu zuen langile batzordeak.

ARTXIBO DIGITALAREN GALERA

«Bestalde, EITBko artxibo digitalaren galera ere ekarri dute zenbait plataforma berrik. EITB Nahieran atarian telebistan zein irratian ekoitzi zen guztiaren bilduma historikoa kontsulta zitekeen, adibidez. Orain. ordea, ezin da horrelakorik egin Guau plataforman. Azken denboraldia bakarrik entzun daiteke zenbait kasutan, eta azken hamabost egunak, beste batzuetan. Une honetan, EITBk ekoitzitako irrati programen artxibo digital sakonagoa aurki daiteke Ivoox, Spotify eta Appleren plataformetan Guaun baino», deitoratu zuen.

«Murrizketa honek urteetako dibulgazio lanagatik sarituak izan diren EITBko irrati programa erreferenteei ere eragin die, eta, besteak beste, ‘La Mecanica del Caracol’ eta ‘Osasun Etxea” saio historikoen artxiboak ere desagertu dira plataforma aldaketan», salatu zuen.

«OPAKU ETA ARBITRARIOA»

«Azkenik, aipatu beharra dago plataformen sorrera era opaku eta arbitrarioan egiten ari dela. Formalki, lehiaketa bidez eginez, araua betetzen ari dira, baina zuzendaritza etorkizuneko komunikabide honen eredua externalizatzen ari da, enplegu publikorako sarbideen berdintasun eta gardentasun printzipioak urratuz, eta langileen ordezkaritzari zein Euskal Herriko industria audiobisualari muzin eginez. Eredu gisa, berriki EITB Onen kirol ez-profesionalen emisioetara bideratuta, Telefonicari emandako zazpi milioi euroak aipa daitezke», esan zuen.

«EITBko langileok argi daukagu aurrerakuntza teknologiko eta adimen artifizialaren garai honetan, formatuen dibertsifikazioa ezinbestekoa dela herritarrengana iristeko eta entretenimendua eskaintzeko. Horregatik, eraikitzen ari garen ekosistema digital berrian ezinbestekoa da gardentasun printzipioa bermatzea, gure izaerari eustea, sorrerako helburuak ez ahaztea eta lehen lerroan jartzea, gure edukietara sarbide unibertsala bermatzea, eta urteetan egin den lana balioan eta ikusgai jartzea», gaineratu zuen EITB Mediako langile batzordeak.

«Zerbitzu publikoa eta euskara bultzatzea ardatz dituen komunikabide honetako langile gisa, begi onez ikusten dugu etengabeko hobekuntzara eta kontsumo molde berrietara egokitzeko EITB egiten ari den esfortzua -onartu zuen-. Behar-beharrezkoa da. Baina, era berean, kezka ere eragiten digute hartzen ari diren erabaki batzuek».