Elur ZARRAGA LONGARAI eta Amalur PASCUAL MIÑAMBRES
Gazte Topaguneko Berme Feministen Lantaldeko kideak
KOLABORAZIOA

Gazte topagunea, ekimen feminista bat

Ernain urteak daramatzagu estrategia feministaren baitan hausnarketa eta apustu garrantzitsuak egiten, antolakundearen jarduna eta proiektu politikoa feminismoaren proposamen ezberdinetatik elikatuz. Alde horretatik, ezin dugu militantzia ulertu ikuspegi feminista transbertsalik gabe, eta Topagunea ez da salbuespena. Gazte Topagunea ekimen feminista bat da. Topagunea amesten dugun Euskal Herriaren isla da, eta, ildo horretan, ertz guztiei erreparatu behar diegu: eskaintzatik hasi eta gure arteko harremanetaraino.

Udaberriko ekimena feminismotik eraikitzen dela bermatzeko sortu zen Berme Feministen Lantaldea 2023ko Elorrioko Topagunean, balio feminista eraldatzaileek ekimenaren antolakuntza hasiera-hasieratik busti dezaten. Izan ere, ikuspegi eta praktika feminista prozesu osoan zehar integratu behar dugun perspektiba da, eta lantaldeek ikuspegi hori garatzeko bermeak ezartzea da Berme Feministen Lantaldearen funtzioa. Horretarako, mekanismo ezberdinak martxan jarri izan ditugu (barne ariketak, saioak...), barneko botere harremanak deseraiki, lantaldeen barruko hutsuneak zein beharrak identifikatzeko eta emakumeen, transen eta bolleren artean aliantzak sortzeko. Lan eta hausnarketa horiek guztiak antolakuntzako gainerako lantaldeek ere haien funtzionamenduan integratzea da helburua. Izan ere, lantaldeak praktika feminista batzuk asumitzen doazen heinean, Berme Feministen Lantaldearen egitekoak ez dira beti berdinak edo estankoak izango, etengabeko aldaketan egongo dira. Hau da, lantaldearen funtzioak, ardurak, helburuak, antolaketa, unean une birpentsatzen joango gara, Topagunearen arlo ezberdinak nola feminista bilakatu pentsatuz, eta eman beharreko aurrera edo atzera pausuak definituz.

Lantaldeen barne funtzionamenduaz zein antolaketaz gain, lantaldeetatik produzitzen den oro ere ikuspegi feminista batetik egiten dela bermatzea bilatzen dugu, horretarako baldintzak sortuz: musika eskaintzatik hasita, ekimenean bertan islatzen duguneraino. Izan ere, ekimena feminista izan dadin ezin dugu fokua soilik gaueko giroan jarri. Espazio guztietan, ekimenaren eskaintza ezberdinetan, sortzen dugun giroan, elikatzen ditugun erreferenteetan zein transmititu nahi ditugun balioetan arreta jartzea beharrezkoa dugu. Horrek, ekimenaren antolakuntzako kide guztion eraldaketarako borondatea eskatzen du, baina baita Topagunean parte hartzen dutenen inplikazioa eta ardura hartzea ere. Espazio seguruak sortu egiten dira, sortu egiten ditugu. Hortaz, guztion ardura da denon arteko elkar zaintza sustatzea, ez baikaude dinamika heteropatriarkaletatik salbu.

Beraz, Topagunea espazio feminista dela bermatzea bertan parte hartzen dugun kide guztion ardura kolektiboa da: antolakuntzako kide eta lantaldeetatik hasi, eta Topagunera datorren pertsona bakoitzeraino. Eta, alde horretatik, bereziki gizonei dagokie ardura hartzea, haien jarrerak zaintzea, okupatzen duten espazioaz jabetzea, harremantzeko moduak berraztertzea. Berme Feministen Lantaldea hiltzeko jaio zen lantaldea dela esaten dugu sarritan, baina horretarako guztion eginbeharra eta ardura izango da feminismotik jardutea.