Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
UNE PART MANQUANTE

Banaketak eta lege konplexuak

Une part manquante” filmaren kontzeptua ulertzeko, ezinbestekoa da Japonian seme-alabak edukitzearen lege konplexua ezagutzea: ez da aitortzen zaintza partekatua. Horrek esan nahi du dibortzio gatazkatsuetan guraso batek eragotz dezakeela besteak seme-alabak ikustea, harik eta adin nagusitasunera iristen diren arte. Neurri horien helburua haurren segurtasuna babestea bada ere, sarri kontrakoa lortzen da, eta horrek azaltzen du zergatik dagoen Japonian gurasoek egindako bahiketa tasarik altuenetako bat mundu mailan.

Filmeko protagonistetako bat Jay da, frantsesa. Hamabi urte lehenago Japonian ezkondu zen emakume batekin eta Lily izeneko alaba bat izan zuten. Tokion hiru urtez elkarrekin egon ondoren, banantzea erabaki zuten, eta ama Lilyrekin joan zen. Hiri erraldoi horretan, Jayk egunero bere taxia gidatzen du alabaren bila, bederatzi urte daramatza hura ikusi gabe. Bat-batean, Lily bere taxira igoko da, baina ez du aita ezagutzen.

Hasieran aipatutako prozesu legal konplexua filmaren bidez azaltzen da; Guillaume Senez zinemagileak gauzak azpimarratuz eta ez beti modu sotilean -modu behartu samarrean- txertatu arren, ongi funtzionatzen duen mekanismo narratibo baten barruan sartzen du.

Romain Duris aktoreak istorioari sinesgarritasuna ematen dio, emozioak modu natural batean transmitituz.

Banaketa eta dibortzio kasuetan zaurgarriena, normalean, emakumea izaten dela kontuan hartuta, arriskutsua iruditzen zait istorioa aitaren ikuspegitik osatzea. Hala eta guztiz ere, Japoniako testuinguru berezia da, eta horrek logika txiki bat ematen dio erabaki horri.

Gidoiak gorabeherak baditu ere, filmak interesa pizten du eta ikuslearengan galderak eta hausnarketak sortzen ditu.