«Homo amoralis»
Izarren hautsa egun batean bilakatu zen bizigai, eta bizigai hartatik, uste gabean, hizkuntza eta kontzientzia gaitasunez hornitutako espezieaz erditu zen eboluzioa. Hizkuntzak eta kontzientziak -autokontzientziak- bereizten omen dute Homo sapiens espeziea beste animalia espezie guztietatik, eta horiek izan ditu, nonbait, ingurura egokitu, ingurua bera eraldatu eta beste espezie guztiei gaina hartzeko tresnarik eraginkorrenak.
Esaten dute, baita ere, lo lasai egiten dutela kontzientziak agindutakoari jarraitzen diotenek. Baina esango nuke, gaur egun, benetan lo lasai egiten duten bakarrak lotarako pilula edo belar bedeinkatu infusioa hartzen dutenak direla, esna daudenean kontzientzia morala operatibo dutenen artean, bederen. Ia ezinezkoa baita, hemen eta munduan gertatzen ari denari buruzko informazioa izanda, kontzientziak agintzen digun guztia egitea. Palestinaren okupazio, apartheid eta genozidioa dela-eta boikota egin beharko genieke, adibidez, Israelgo Estatuari eta harekin elkarlanean ari diren guztiei; eta egiten diegu, baina ez beti, eta ez behar beste indarrarekin. Periodikoan harro ikusten dugu Nike logoa paparrean duen gizona. Edo bi aldiz pentsatu gabe edaten dugu larunbat gauean coca-colarekin egindako kalimotxoa. Eta loa galarazten digu horrek. Kontzientziari jarraituta, planetaren mesedetan, barazkijale bihurtuko ginateke; edo haragi eta arrain kontsumoa jaitsiko genuke behintzat. Energia kontsumoa ere jaitsiko genuke, adimen artifiziala noiznahi edozertarako erabiltzeari utzi. Gretha Thunbergekin joango ginateke Gazara Global Sumud Flotillan, Mediterraneora Aita Marirekin, Kubara Open Armsekin. Baina orduan ere ez genuke lo lasai egingo. Ez ligukete utziko.
Munduko agintari bullyek ez baitiote inori lo lasai egiten uzten. Psikopata eta egolatra horiek lasai egiten dute lo, horiek bai. Kontzientziarik ez izatea baita modurik onena kontzientzia arazorik ez izateko eta, horrela, lo lasai egiteko. Eboluzioak Homo amoralis ekarri du Homo sapiensari gailentzeko. Eta gailenduko zaio, aurre egiten ez badiogu.

«Oso ordenatua izan naiz beti eta hori izan da nire gaitasun nabarmenena»

Vuelco en la Ertzaintza: Euspel gana y rompe con 20 años de hegemonía

EH Bai destaca el notable aumento de alcaldías abertzales de izquierda

«Aroztegiaren borroka irabazita alferrik da literaturatik jarraitzea»
