Iker IBARLUZEA
Meteorologoa
AZKEN PUNTUA

Orain gehiago asmatzen al da?

Azkenaldian neure buruari maiz egitean diodan galdera da hau: azken urteetan, eta bereziki pandemiaz geroztik, gehiago asmatzen al dugu eguraldi iragarleok?

Eguraldi iragarleok eredu meteorologikoetatik bizi gara. Ereduek atmosferako hainbat eta hainbat parametroren zehaztapena ematen dute, ondoren guk interpretatu eta hortik iragarpen ahalik eta zehatzena emateko. Eredu horiek aurrera ateratzeko, ordea, momentuko datuak behar dira eta datu horiek lortzeko hainbat bide daude: itsasoan jarritako sentsoreak, lurrazaleko estazioak, globo zundak, eta, bereziki, hegazkinak.

Azken horietan dut nik fokua ipinita. Pandemiaz geroztik, eredu meteorologikoentzako datuak biltzeko hegazkin kopurua partzialki jaitsi egin da. Jaitsiera horrek datuen bilketan eragin nabaria du, hau da, datu kopurua jaitsi egin da, eta noski, geroz eta datu gutxiago, geroz eta eredu kaskarragoak.

Gizakiok memoria selektiboa dugu eta agian oker egongo naiz, baina pandemia aurretik zehaztasun handiagoz asmatzen ote genuen susmoa dut. Orain zehaztasun puntu bat falta ote zaigun susmoa dut. Hori, edo klima zeharo erotzen ari da eta ez dago nondik harrapatu. Ea adimen artifizialak zenbateraino laguntzen duen. Ez naiz asko fio...