Neguko ekarpen berriak Dolomitetako Tre Cime di Lavaredon
Bau eta Grasso italiarrek hiru egunetan lotu dituzte gailur guztiak. Gietl tiroldarrak Cima Grandeko «Phantom der Zinne» bidea (7a+, 532 m) egin du.

Tre Cime di Lavaredo Dolomitetako hiru gailur mitikoek alpinismorako zein eskaladarako oso erakargarri izaten jarraitzen dute. Horrela erakutsi dute zenbait protagonistak amaitu berri den neguan. Izan ere, ekarpen benetan interesgarriak egin dituzte bertan.
Alessandro Bau eta Mirco Grasso italiarrek Tre Cime di Lavaredoko skyline edo tontor guztien lotura sinatu dute. Hirugarren eskalatzaileak, berriz, bakarrik jardun du: Simon Gietl tiroldarrak Cima Granderen iparreko horman dagoen “Phantom der Zinne” ibilbidea (7a+, 532 m) bakarrik igo du.
Lehenbiziko jarduerari dagokionez, soka talde italiarrak hiru egunetan, martxoaren 6tik 8ra, lotu zituen bederatzi tontorrak. Skyline hori neguan egiten aurreneko eskalatzaileak bihurtu dira gainera. Duela bederatzi urte, Simon Gietl eta Michi Wohlleben gai izan ziren bost tontor nagusiak lotzeko. Zeharkaldi osoa, aldiz, oraindik egiteke zegoen.
SIMON GIETL, BAKARKA
Bestalde, italiarrekin ia bat eginez, Simon Gietl tiroldarrak Cima Grandeko iparraldeko horman dagoen “Phantom der Zinne” ibilbidea (7a+, 532 m) bakarkako estiloan osatu zuen. Tresneria guztia paretaren oinarrira otsailaren 27an eraman eta gero, Gietl martxoaren 5ean itzuli zen. Bezperan, hamar zentimetroko elur geruza freskoa pilatu zen, eta tenperatura ere 5 gradukoa zen zero azpitik. Hotzari aurre eginez, buru belarri eskalatzen hasi zen.
Bidearen erdian, “Hasse-Brandler”-eko erlaitzean, bibaka egin zuen. Hotz izugarria egiten zuen, baina eguraldia egonkor zen. Zailtasun teknikoei dagokienez, marraren bigarren zatia gogorragoa da. Gitlek ez zuen egun samurra izan. «2010ean, Marc Artesirekin luze horiek eskalatu nituen zazpi orduan. Bakarka igotzeak ase nau», adierazi zuen gero.

Alerta por el nivel de arsénico y plomo junto a la planta de Sader en Zorrotza

Ejemplo de la traslación del eje del país

El PNV se ve acuciado desde ahora a «enseñar que sigue en pie»
