Nikole ZIARRUSTA
JOPUNTUA

Hemen da Gazte Topagunea

Euskararen tsunamitik gazte independentiston olatura. Datorren asteburuan ospatuko da Gazte Topagunea Abadiñon, apirilaren 2tik 5era. Hilabetetako lanaren ostean, irrikaz gaude Abadiñoko kaleak jendez lepo ikusteko. Ehundik gora izan gara egun berezi hauek antolatzen aritu garen gazteak, eta milaka txandak egitera animatu direnak. Kontzertuetan gozatu, hitzaldietan egungo eztabaida nagusiak jorratu eta gazte antolakuntzaren garrantzia erdigunera ekartzera goaz.

Gazte Topagunera Jarraik deitu zuen lehenengoz 1994an. Hamarkadetako ibilbidea badu ere, gaurkotasun osoa du; izan ere, euskal gazteriaren itsasargi honek helburu garrantzitsuak betetzen ditu. Ez da festibal bat, ez eta gure identitateari eusteko ariketa soila ere. Indibidualismoaren eta alternatiba ezaren gainetik, gazteria independentista eta ezkertiarrari norabide bat erakusten digu. Askapen nazional eta soziala; independentziaren, sozialismoaren eta feminismoaren aldeko bultzada da. Guk geuk eraiki nahi dugun etorkizunaren irudikapena, konformismoak irentsi ez gaitzan eta desesperantzari aurre egiteko ekimen politiko eta kultural zabala.

Bazkariak prestatzen ditugu gazteok, barrak muntatu, elektrizitate zirkuituak lotu, hitzaldiak dinamizatu eta eman, protokoloak aurrera eraman edota zaintza txandak egin, beste egiteko askoren artean. Hau guztia modu kolektiboan, ez baita beste modurik. Elkarrekin sortutakoan sinesten dugu, eta gazte gehiagorengana heltzeko ardura gurea bilakatzen da. Balio batzuk hedatzen ditugu: feminismoa, euskalduntasuna, antifaxismoa… Eta proiektu bat indartu nahi dugu: inongo zapalkuntzarik gabeko Euskal Herria. Askapen nazional eta soziala.

Mimoz prestatutako egitasmoa da Gazte Topagunea, eta denok horrela sentitzea nahi dugu. Horregatik, zutabetxoaren azken lerroak gonbidapena luzatzeko baliatuko ditut. Gazte zein heldu, Euskal Herri eta mundu hobe batean sinesten duzuenoi: hurbildu Gazte Topagunera, busti honen indarraz. Seguru naiz ez zaretela damutuko.