«Bilbon ere, EH Bildu alternatiba gisa agertzen ari da; aldaketa helduko da»
Ilusioz eta determinazioz hartu du Gaizka Suarezek Bilboko EH Bilduko arduradun politikoaren kargua, hiriak dituen erronkei aurre egiteko eta etorkizunerako norabide berria marrazteko asmoz. Elkarrizketa honetan, aurkeztutako planaren gakoak eta Bilborako duen ikuspegia azaldu ditu: bilbotartasuna, bizi proiektu bat garatu ahal izateko kezka...

Urte hasieran Bilboko EH Bilduk Gaizka Suarez Iparragirre (1995, Deustu) izendatu zuen arduradun politiko, militantziaren %90eko babesa jasota. Gaztetatik herri mugimendu anitzetan parte hartu izan du. Telekomunikazio Ingeniaritzako gradua du, eta masterra Bilboko Ingeniaritza Eskolan; gerora, industrian profesionalki aritua da. Orain, ardura politiko berri hau determinazioz hartu du, eta otsailean Plan Politikoa aurkeztu ondoren, horren gakoak azaldu ditu GARAri eskainitako elkarrizketa honetan.
Plan Politikoan honako hau adierazi duzue: «Bilbon handira jokatzeko garaia da, Bilbok merezi duen anbizioarekin». Zer esan nahi duzue?
Bilbotarrok gauza handiak egin izan ditugu historikoki. Bilbotarrok badugu nolabaiteko izaera anbiziotsu eta ekintzailea: gauzak beste modu batean egiteko joera. Horren adibide dira munduan bakarrak diren hainbat gauza: Aste Nagusia, Athletic bera…
Baina azken urteotan Udaletxean egondako udal gobernuak inertziaz jokatzen ari dira hainbat esparrutan, Bilbok dituen potentzialtasun horiek aktibatu gabe. Eta mundua eta testuingurua aldatzen ari den garai hauetan, Bilbo paralisian geratu dela esango nuke, erronka berriei erantzun gabe, Udal Gobernuaren formak aldatu ez direlako.
Horregatik diogu Bilbok merezi duela anbizioa izatea. Bilbotarrek merezi dute gauzak beste era batera egiteko aukera emango dien politika bat. EH Bilduk hori eskaini nahi du: maila igotzea eta benetan handira jokatzea.
Zure aurkezpenean esan zenuen Bilbo Euskal Herriko zentro politikoa zela. Honek polemika piztu zuen sare sozialetan...
Esaldi hori, isolatuta entzunda, batzuei handikeria edo harropuzkeria iruditu ahal izan zitzaien. Batzuek ere esan zuten herri ikuspegi falta bat zegoela hor. Guk oso argi daukagu Euskal Herria zazpi lurraldek osatzen duten herria dela, baita herri polizentrikoa dela ere. Eremu guztiek daukate beren garrantzia eta Aberri Egunean Iruñean elkartuko gara “7ak BatEgin” lelopean.
Baina egia ere bada gaur egungo munduan metropoli handietan gertatzen diren gauzek gero eta eragin handiagoa dutela inguruan. Metropoliak nolabait eragingune edo irradiatzaile bihurtzen dira. Bilbon edo Bilbo Handian gertatzen denak eragin handia dauka Bizkai osoan, bai eta, neurri batean, Euskal Herrian ere.
Horregatik diogu Bilbok estrategikotasun berezia daukala Euskal Herriaren eraikuntza nazionalean. Eta hortik dator gure ideia hori: Bilbo irabaztea Euskal Herria irabazteko bidean pauso garrantzitsua dela. Izan ere, Bilbon aldaketa sozial eta kultural batzuk bultzatzeko gai bagara, horrek lagundu dezake Euskal Herri osoan ere herri prozesua indartzen.
Zein diagnostiko egiten du EH Bilduk Bilboko egungo egoerari buruz?
Oro har, bilbotarrok gure hiria maite dugu eta harro gaude urteetan zehar elkarrekin eraikitakoaz. Hala ere, etorkizunera begira gero eta kezka eta ziurgabetasun gehiago sumatzen da. Bilbon bizi proiektu bat garatzeko aukerari buruzko kezka handitzen ari da. Eta gure ustez hori bi faktorek eragiten dute bereziki: etxebizitzaren larrialdiak eta lanaren errealitateak. Horrek arrakala berriak sortzen ditu: belaunaldi arrakalak, jatorriaren araberako arrakalak… Bilbon ongizate maila jakin bat dago oraindik, baina etxebizitza edukitzea edo ez edukitzea determinantea bihurtzen ari da. Lan motak ere zuzenean baldintzatzen ditu bizi baldintzak, batez ere migratu, emakume eta gazteenenak.
Gainera, desoreka horiek gizarte kohesioan eta elkarbizitzan eragiten dute. Horregatik uste dugu erantzun politikoak behar direla. Hain zuzen ere, horretarako gaude indar politikoak, desoreka horri oreka jartzeko, hiriari oreka bat emateko; kezka eta ziurgabetasunen aurrean bermeak eta bizi segurtasuna eskaintzeko.
Azken hamarkadetan, Bilbon turistifikazio eta tertziarizaziorako apustua egin da, eta horrek ondorio batzuk dakartza. Besteak beste, etxebizitzaren prezioa handitu du eta lanak prekarizatu. Uste dugu joera horien aurrean, bizi proiektu duinak garatzeko, turismoa gobernatu behar dela.
Etxebizitza, lan mundua eta arrakala sozialak aipatu dituzu. Zein beste erronkari egin beharko dio aurre Bilbok epe ertainean?
Lehen aipatutakoez gain, aniztasunaren erronka ere badago. Gero eta jatorri, kultura eta bizimodu ezberdinagoetako pertsonak gara Bilbon. Nortasuna eta identitatea bizitzeko era ezberdinak daude, eta erronka da nola sortzen dugun «gutasun» berria. Proiektu kolektibo bat eraikitzeko kohesioa behar da, eta horrek esan nahi du bilbotartasunaren eta euskal nortasunaren forma berriak artikulatzea. Nik gogora ekartzen dut esaldi bat: «Bilbotarrok nahi dugun tokian jaiotzen gara». Bilbotarra da Bilbon bizi den eta bilbotar izateko borondatea duen edonor. Horregatik, aniztasun horretatik abiatuta proiektu komun bat eraikitzea izango da erronka nagusietako bat.
Zer egingo luke EH Bilduk desberdin EAJk bultzatzen duen hiri ereduarekin alderatuta?
Gure ustez azkenaldian nagusi izan dira Bilbokoak ez diren kanpoko interes partikularrei erantzutera bideratutako politikak, bilbotarren beharrei erantzutekoak baino. Horren ondorioz, Bilbo, bizitzeko eta bizi proiektu duinak garatzeko espazio izan beharrean, merkatu bat izatera murriztu da. Jakina, hiriek jarduera ekonomikoa eduki behar dute eta aberastasuna sortu, baina ezin da jarduera ekonomiko hori bilbotarrek bizitza ezin gauzatzearen truke izan. Hiriak pertsonentzako espazio izan behar du, eta pertsonak bizi ahal izateko moduan garatu behar dira. Horregatik uste dugu hiri eredua birpentsatu behar dela: Bilbo bizigarria izan dadin.
Jarduera ekonomikoari dagokionez, ikuspegi argi bat dugu. Uste dugu gehiegi monosektorizatu dela, hein handi batean turismoaren mende geratuz. Gero eta gehiago ikusten dugu nola gure hiriaren nortasunaren parte diren betiko komertzioak ixten diren eta nola ugaltzen ari diren frankizia eta multinazional handiak. Uste dugu horrek inpaktu ekonomiko eta sozial kaltegarria daukala. Aberastasuna modu askotarikoagoan sortzeko apustuak egin behar dira. Ekonomia dibertsifikatu behar da, beste jarduera eta lan mota batzuk sustatuz.
Etxebizitzari dagokionez, azken urteetan politika publiko sendo bat falta izan da. Politika immobiliarioa nagusitu da, eta horren ondorioak orain ari gara jasaten.
Bestalde, gobernatzeko moduak ere desberdina izan behar duela uste dugu. Udalak askotan bizkarra eman dio gizarte antolatuari, Bilboko auzoetan eta ekimen sozialetan dagoen potentziala desaprobetxatuz. EH Bildutik bestelako gobernantza defendatzen dugu: irekia, gardena eta herritarrekin batera eraikia.
Zer garrantzi dute auzoek?
Auzoek funtsezko zeregina izan dute Bilboren eraikuntza sozialean. Bertan sortu dira komunitatea, dinamika sozialak eta kolektibotasuna. Baina azken urteotan joera batzuk egon dira auzo bizitza ahultzen dutenak. Besteak beste, etxebizitzaren arazoak jende asko kanporatu du bere jatorrizko auzoetatik. Ondorioz, auzo bizitzaren beherakada sumatzen da. Horregatik guk auzo bizitza indartzeko apustua egiten dugu. Baina, aldi berean, hasi behar dugu pentsatzen nola indartu dezakegun komunitarismo eta kolektibismo hori Bilbo mailan ere, hiri anonimo eta indibidualista bihurtu ez dadin.
Barne antolakuntza mailan, zer aldaketa egin nahi dituzue? Zeintzuk dira helburuak? Zein garrantzi dute hemen auzoek eta militantziak?
Guk sinesten dugu EH Bildu tresna bat dela herritarrentzat. Horregatik areagotu behar dugu herriarekin dugun harremana: herritarrekin, gizarte antolatuarekin eta elkartegintzarekin. Militantziak kalean egon behar du, jendea entzuten eta arazoei konponbideak bilatzen. Gainera, EH Bildu gero eta sektore gehiagoren etxea izatea nahi dugu. Pertsona gehiagok ikustea tresna baliagarria dela beren bizitza hobetzeko eta Bilbo eraikitzeko. Orain, nazio mailako elkarrizketa ariketa bat egiten ari gara, eta horrek laguntzen digu bide horretan sakontzen.
Nola interpretatzen duzue azken urteotan Bilbo Handian gertatzen ari den joera politikoa? EAJk udalerri gehienetan oraindik botereari eusten dion arren, indarra galdu du, eta orain hainbat polemikatan ikusi du bere burua (Getxo, Santurtzi...). Aldi berean, EH Bildu goranzko joera izaten ari da.
EH Bilduren goranzko joera errealitate bat da. Eta, aldi berean, ohituta gauden EAJ-PSE gobernuen agortze zantzuak ere nabarmenak dira. Udal gobernu askotan jarraitzen dute, baina gero eta gehiago ikusten da ez dutela gobernatzeko plan kohesionaturik, ezta, kasu askotan, gobernu programa argirik ere. Haien artean dauden arrakalak gero eta nabarmenagoak dira, eta desadostasunak dituzte politika estruktural askotan. Baina badirudi haien helburua gobernuan mantentzea dela, eta ez hainbeste herritarrek behar dituzten politikak egitea eta erronkei erantzutea.
Testuinguru horretan EH Bildu alternatiba gisa agertzen ari dela uste dugu: gertuko, serio eta garbi jarduten duen indarra. Gure egiteko moduak konfiantza eskaintzen du. Bilbo Handian gure goranzko joerak hori berresten du, baina horretan jarraitu nahi dugu.
Urtebete pasatxo falta da hurrengo udal hauteskundeetarako. Zein helbururekin begiratzen dio EH Bilduk hitzordu horri?
Guk askotan erabiltzen dugu zirimiriaren metafora. Zirimiriak apurka-apurka bustitzen du, eta ohartu orduko guztiz blaitu egiten zaitu. EH Bildu Bilbon hori izaten ari dela uste dut: apurka-apurka hazten ari den mugimendu bat. Gero eta jende gehiagok ikusten du EH Bildu gobernu alternatiba bezala. Baikorrak gara. Uste dugu gauzak ondo egiten ari garela eta aldaketa iritsiko dela. Lanean jarraituko dugu, eta, seguru asko, pentsatu baino lehenago iritsiko da aldaketa Bilbora.
Hondarribia, 8-S

Jason Statham (otra vez) haciendo de Jason Statham

La xenofobia sale a la calle en Euskal Herria y se vuelve violenta en Iruñea
