Garazi CASTAÑO FARIÑAS

Bagoaz

Korrikaren atzetik hamaika egunez eta hamar gauez bideoak grabatzen, konexioak egiten eta hitzez gertatutakoa biltzen ibili den kazetariari zein gorputzaldi geratzen zaio behin dena amaitutakoan? Zein argazki orokor utzi dio ikusitako, entzundako eta bertatik bertara bizitako horrek guztiak? Ez da erraza laburbiltzen. Beste galdera bat eginda jaso liteke, akaso: «Zer gara, euskara bera ez bagara?».

(Mikel MARTINEZ DE TRESPUENTES | FOKU)

Konturatzerako pasatu da. Duela bi urte ordenagailuaren parean hutsune sentsazio berarekin jarri nintzen idazten. Hamaika egun bideoak grabatzen, konexioak egiten eta hitzez gertatutakoa biltzen ibili ostean; ezintasun handi batek gainditu izan banindu bezala. Nekea izango da akaso, posible da. Bigarrenez Korrikaren istanten aje emozionalak irabazi nauela uste dut ordea.

Bilbon lehertu zen igandean festa handia, zazpi herrialdeetako zazpi gaztek eskurik esku Euskal Herria osorik zeharkatu duen mezua irakurri zutenean. Eta lehertu ginen denok malko eta besarkadetan, gu ere izerditutako eta akitutako gorputzetan. Leire Casamajouk udaletxeko eskaileretatik lekukoa astintzerakoan izan zuen kemena gelditu zait niri iltzatuta buru eta bihotzean. Harro den herriaren irudia da.

LELOAREKIN ASMATU

Bi urtean behin antolatzen du AEK-k Korrika. “Euskara gara” izan da aurtengo leloa; eta aitortu behar dut beti miretsi izan dudala lelo eta iruditegiak hautatzen Korrikak erakusten duen abilezia. Aurtengoan, kasurako, bi hitz laburrekin hainbeste esateko kapaz izateagatik. Hamaika egunez eta hamar gauez, atseden eta etenik gabe, ahots propioz mintzatu da gure herria. Eta gutxitan gertatzen da hori. Izan da gainetik pasatu eta sua piztu nahi izan duenik. Ez du lortu, ordea. Jendetzaz bildutako kaleen irudiek bide bazterrean utzi dute. Atzean. Euskal herritarren gogotik eta borondatetik deskonektatuta. Ikaspenik ateratzen badute, bejondeiela.

«Milaka eta milaka euskal herritarrok garbi adierazi dugu gutxieneko zein hizkuntza eskakizun nahi duen herri honek: Euskal Herri euskalduna». AEK-ko Nazio Kontseiluko kide Lurdes Etxezarretaren atzoko hitzak dira. Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundea 70eko hamarkadan iraungitze data behar lukeen helburu batekin jaio zen, «Euskal Herriko biztanle guztiek euskara ezagutzea, eta herritarrek egunerokoan euskara normaltasunez erabiltzea». Bost hamarkadaren ostean, urrun gaude oraindik. Urrunegi. Eta horregatik igandean lekukoa denon eskuetan utzi zuen AEK-k. «Aurrera goaz. Bazatoz?». Korrika xede horren pean lanean ari diren euskaltzale guztientzako erregaia da. Balio dezala ardura indibidual zein kolektiboen jabe egiteko. Eta bereziki, beharrezkoak diren apustu, konpromiso eta ekintzak bultzatzeko. Zer gara, euskara bera ez bagara? Gu bagoaz.