Yasmine KHRIS
Itzultzailea
AZKEN PUNTUA

Errituak

Eguzki argi gehiago dugunetik, neguak lapurtu zidan ohitura bat berrartu dut: paseoa. Zapatak jantzi eta pertsonei, urratsei, animaliei, loreei begiratzen diet. Baina onena da badakidala bihar, etzi, berriro eginen dudala. Zerbait kroniko bilakatzen da paseoa, goizero kristalezko edalontzi berean edaten dudan nire kafesnea bezala, dutxatik irteten naizen aldiro aplikatzen dudan krema bezala edo goizero zortzietan automatikoki aktibatzen den irratia bezala.

Byung Chul-Han filosofo korearrak erritu txikien desagerpena salatzen du. Dioenez, gaur ezin dugu berriro deus egin, ez baikara gai arreta sakona jartzeko. Bere ustez, errituen aldeko arrazoi bat da kapitalismoaren goibeltasun aseezina eten egiten dutela, «ez baitzaio lasaitasuna gustatzen». Errituek beraiekin dakarte behar baten menpe ez egotea, ezta helburu edo erabilgarritasunaren menpe ere. Momentu horietatik gustatzen zaidana da ez direla kontatzen irabazitako denbora bezala. Egia da: nire paseoan ez naiz produktiboa; denbora galtzen ari naiz, ziur aski.

Igandean, Korrikaren mezua iritsi zen: «Gorputz bat sortu dugu. (...) Eta gaur hemen badago, egongo da bihar ere». Gaur egiteak eta bihar errepikatzeak erritu bat dirudi. Egin dezagun euskara erritu, logika guzien kontra.