Gaizka IZAGIRRE
Zinema kritikaria

Armadari gorazarre?

Iragan martxoaren 6an Netflix plataforman “War Machine” izeneko pelikula estreinatu zen. Egiazki, film kaskarra da, baina gaurko zutabean aipatzearen arrazoia bestelakoa da.

Akziozko eta zientzia-fikziozko blockbuster hori Netflixen arrakastarik handienetako bat bihurtu da. Lehen hiru egunetan 39,3 milioi ikustaldi lortu zituen. Bigarren astean datuak are hobeak izan ziren, 44,4 milioi erreprodukziorekin, eta joerak gorantz jarraitzen du.

Zergatik eta nola iritsi da film hau datu horietara, kontuan izanda -arestian esan dudan bezala- oso lan ahula dela? Zaila da erantzun zehatza ematea, baina badirudi funtsezko elementuetako bat algoritmoaren boterea eta plataforma barruko promozioa direla. Netflixek hasieratik bultzatu du, leku nabarmenetan kokatuz, gomendio pertsonalizatuen bidez eta kanpaina globalen laguntzaz.

Bestalde, filmak propaganda militar lotsagabearen kutsu nabaria du: armadaren idealizazioa, sakontasunik gabeko “etsaiak” eta armamentuaren, droneen nahiz leherketen erabilera ikusgarriak ia botere militarraren erakusleiho bihurtzen dute. Finean, AEBko armadaren gorazarre moduko bat dirudi.

Horregatik, zalantzan jar daiteke Netflixek halako produkzio bat hainbeste sustatzea kasualitatea ote den. Benetan harritzen nauena da, ordea, hain pelikula baztergarriak publikoaren interesa piztea eta hainbeste ikusle erakartzea.