Harritu eta sentitu
Berriro ere aukerarik ez genuela izango pentsatuta, denboraren joana hormetan itsatsi zaion eraikinaren zirrikituak arakatu ditugu negu honetan. Data zehatzik ez zegoen jarrita orduan, baina zurrumurruak aspaldikoak dira eta ez dugu inondik aukera galdu nahi izan. Atzera eta aurrera gabiltzala, eskolako txango batean estreinakoz halako lilura sentitu nuen lehen aldia etorri zait burura; kontuak atera ditut eta derrigor beste leku batean behar zuen izan. Orduko lilurarik ez dut sentitu, baina, ziur asko, erakusmahaietan baino zahartzen garen heinean sentipen hori izateko dugun gaitasunean dago koxka; txikienen begietan distira sumatu dut sarrerako atera iritsi aurreko maketetatik hasita.
Elektrizitatearen joan-etorriak ikusi eta gure gorputzean barna nola igaro daitekeen sentitu dugu, kilimak egin dizkigu, poleei esker inoiz mugitzeko gai izango ez ginatekeen pisuak altxatu ditugu, Lurraren handitasun eta berezitasunak arakatu ditugu, salto egiten duen igel antzeko gailu bat sortu dugu eta haren mugimenduak gidatu ditugu: saltoak, soinuak... Eureka! Zientzia Museoak aho zabalik uzteko gaitasunik ez du galdu. Galdera asko eragiteko ahalmena ere izaten jarraitzen du, erantzun egiten die eta azalpenen bitartez jakin-min berriak sortu. Horietako asko buruan hartuta irten gara bertatik, orduak joan eta ixteko ordua hurreratzen ari delako, baina ikusteko geratu zaizkigunak zerrendatu ditugu. Bertatik atera eta etxera abiatutakoan atzera begiratu diogu autoko atzeko leihotik, agian gehiago ez garela etorriko ohartuta, pena dela pentsatuta. Horregatik, poztu gara itxiera data jarri ostean, atzera egin eta zabalik mantentzeko asmoa ezagutu dugunean.
Agian, ohartarazi duten moduan, museoak egungo joeretara egokitu behar du, baina jakin-mina, galderak, haiei erantzuna bilatzeko grina, bokazioa, zientziarenganako begirunea eta sentsibilitatea horren garrantzitsuak diren garaietan, behar dira halako proposamenak; izan ere, horiek guztiak gerturatu, ukitu eta sentituz gero, eta harridura eraginda, indartsuago sortzen dira.

Hilario Urbizu iheslaria Mexikon hil da, 45 urte itzuli ezinik eman ostean

Otegi se marca un Arzalluz, Esteban le da al eslogan y Pradales cuela trampitas

Iriart ezkerreko abertzalea da Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria

¿Está el modelo D con PAI camino de la extinción?
