Ezpeletak Eusko Eguna hartu du, Euskal Monetaren alde
Atzo Eusko Eguna ospatu zen Ezpeletan, Euskal Monetaren alde. Erronka gisa bost milioi eusko zirkulazioan egotea ezarri zuten atzoko hitzorduaren aurretik, eta lortu dute. Festa giroan, milaka lagun batu ziren atzo Lapurdiko herrian tokiko monetaren eta alternatiben inguruan. Europako lehen tokiko moneta da euskoa 6.000 erabiltzailerekin.

Ezpeletan ospatu zen atzo Euskal Monetaren aldeko jaia, Eusko Eguna. Ekoizleek, artisauek, elkarteek, artistek eta biztanleek bat egin zuten Europako lehen tokiko moneta den eta 6.000 erabiltzaile dituen euskoaren alde. Hitzaldiak, herria ikusteko bisita gidatua, ipuin irakurketak, ikuskizunak, herri kirolak, txarangak, tailerrak eta jokoak egon ziren Ezpeletan besteak beste. Ostean, Zetkin, Belako eta Su Ta Gar taldeen kontzertuek girotu zuten gaua.
Aurtengo Eusko Egunaren karietara, erronka bat ezarri zuten: 5 milioi eusko zirkulazioan izatea. Lortu dute. Atzoko hitzorduaren antolatzaileek nabarmendu bezala, «zirkulatzearekin konformatzen ez den moneta bat da euskoa. Hartu-emanak bideratzen ditu, zirkuitu laburrak bultzatu, trantsizio ekologikoa laguntzen du eta lurraldean tokiko elkartasuna indartzen du».
Egitarauari buruz, honakoa nabarmendu zuten Eusko Egunaren antolatzaileek: «Ekitaldi ireki gisa pentsatuta, aurkikuntzak, esperientziak eta plazerak nahasten ditu Eusko Egunak. Laborarien eta artisauen azoka, elkarte herria, etxaldeko bazkaria, haurrentzako jarduerak, ikusgarriak, dantza, musika, eta askoz gehiago: edonork atzeman dezake maite duena».
Goizean, Patronaiaren Salan, “Gure moneta: Mugaz gaindiko tokiko moneta baterantz” lelopean antolaturiko hitzaldia izan zen 11.00etan hasita. Tokiko ekonomia, trantsizio ekologikoa eta euskararen alde jarduteko egitasmoak bere bidea egin du azken hilabeteotan. Hala, Baztan eta Oarsoaldetik abiatuko den egitasmoa Errenterian aurkeztu zuten joan den otsailean.
Eguneko une gogoangarrienen artean, Mathieu Dumeryren CLIMATØ ikuskizunak klima erronkei buruzko ikuspegi dibertigarria eskaini zuen. Era berean, “Itzaletik” ikuskizunaren lehen emanaldia antolatu zen. Ezpela dantza-talde ezpeletarrak zuzendutako sorkuntza koreografikoa da, emakumeek euskal kulturan duten lekua aztertzen duena.
Gauean Zetkin, Belako eta Su Ta Gar taldeen kontzertuak izan ziren merkatu estaliaren azpian. Ostean, gaua girotzeko DJ Lilz eta DJ Txupi, goizaldeko bostak arte, Ñapurrak gelan. Sarrerak 12 eusko edo euroren truke saldu zituzten.
TOKIKO GARAGARDOA
Berritasunen artean, Eusko Egunean zirkuitu laburrean egindako garagardoa edateko aukera izan zen. Aiherran sortua eta Eusko Monetarekin bat egiten duten zenbait eragileren arteko lankidetzaren emaitza da: Etxeko Bob’s Beer, Donamartiriko Garagarberoa Madarikazioa maltategia eta Herriko Garagarnoa elkartea.
Sektorearen bilakaerari erreparatuz, «hazitik basoraino Iparraldean ekoiztua» den garagardoa saltzeko asmoz, Herriko Garagarnoa elkartea aurkeztu zuen iazko urrian Euskal Herriko Laborantza Ganbarak (EHLG). Garagarra ereitetik hasi, maltategitik pasa eta garagardotegietara heldu bitartean, urrats anitz eman behar dira kalitatezko tokiko produktu bat lortzeko. Bada, Donamartirin lehen maltategia ireki eta bederatzi garagardotegi atxiki dira hastapenetik egitasmora: Abarratia eta Sasiko (Aiherra), Akerbeltz (Azkaine), La Brasserie du Pays Basque (Bardoze), Etxeko Bob’s Beer (Hazparne), Kaneta (Hendaia), Kompas (Ortzaize), Landberry (Angelu) eta Luma (Donapaleu).
Nahiz eta bakoitzak bere izen eta marka propioak mantendu, “Herriko Garagarnoa” etiketa ere erabiltzeko aukera dute. Euskal Monetako ordezkarien ustez, «tokiko monetak lurralde-aliantza zehatzak azaleratzeko duen gaitasuna erakusten du ekimenak».

Hilario Urbizu iheslaria Mexikon hil da, 45 urte itzuli ezinik eman ostean

¿Está el modelo D con PAI camino de la extinción?

Txomin Letamendiren heriotzaren inguruko agirien zentsura salatu dute

Las milicianas a las que la historia oficial ha olvidado vuelven en abril
