Mikel IBARGUREN
Idazlea
JOPUNTUA

Hamaika ikusteko

Atzo goizean jaioak ez garen arren, harrigarria egiten zait -normaltzat hartzen ari bagara ere- Trumpen ateraldi bakoitzak nola mugitzen dituen burtsak. Edota zein erraz esaten duen gaur negoziatzeko prest dela eta bihar infernuan zibilizazio oso bat suntsituko duela, Iran leherraraziko duela. Harrigarria egiten zait ikustea nola bihurtu den munduko geopolitikaren gidoilari, nola markatzen duen aktualitatea, zein modu harrigarrian ematen dizkiguten bataren eta bestearen erasoen taktika telebisatuak, bateko suntsiketa handiko arma nuklearrak, besteko kontinetearteko misil balistikoak, dela hango petrolioa edo drone erasoak. Harrigarria da nola barneratu ditugun diskurtso belizistak, herri osoen suntsiketak, lehengaien ebasteak. Harrigarria, nola lausotu diren, nola distortsionatu diren fikzioaren eta errealitatearen arteko marrak; zein tangiblea den bizi dugun mundu orwelliarra, bere egiaren ukazioekin, erdi gezurren errelatoekin, gerrarako neolengoaiarekin; errealitate paralelo honetan geure tranpa psikologikoan katramilaturik zein erraz barneratzen dugun ordena berriaren gramatika ideologikoa.

Gauza harrigarriak ikusi ditugu, baina aitor dezagun Trump, bere moduengatik, pertsonaje bat dela, halako elektroi libre bat edo. Biblian figura jainkotiarrak baino gehiagotan aipatzen da bere izena Epsteinen dokumentuetan. Jesu Kristoz mozorrotzeko gai da, aita santua ere begitartean hartu du modu groteskoan, eta harropuzkerian jaun eta jabe dugu. Eroturik ote dagoen edo ez dagoen da hizketaldia. Boris Cyrulnik psikiatra ezagunak argi dio: ez da eroa, psikopata baizik. Badaki zertaz ari den. Eta nola.

Lagun erdi filosofo batek esan zidan bakea jakintsuen historia dela; gerra, aldiz, gizakien historia. Eta gure konplizitatea haien plusbalioa dela.

Egia esan, garai hauetan ez da harritzekoa hau dena, baina harrigarria egiten zait hala ere. Ez dakit galdera berriak behar ditugun edota erantzun zaharrekin konformatu behar garen. Adituek diote hau luzerako doala. Martxa honetan beste hamaika ikusteko jaioko dira berriak.