NEREA LAUZIRIKA
DONOSTIA

«Itzala. Gaixotasun baten kronika» liburu intimoa ondu du Maixa Zugastik

Liburu berria plazaratu du Maixa Zugastik, “Itzala. Gaixotasun baten kronika” (Erein). Duela hogei urte baino gehiagotik duen gaixotasunaren inguruan hausnarketa egin eta egunerokoa nola bizi duen kontatu du obra berrian.

Maixa Zugasti, liburu berriaren aurkezpenean.
Maixa Zugasti, liburu berriaren aurkezpenean. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Itzala, definizioari erreparatuta, babesgune izan ohi da; espetxeari deitzeko ere erabiltzen da, ordea. Bigarren adiera negatiboago horren antza handiagoa dauka Maixa Zugastik eman dionak, gaixotasunari beste izen bat emateko baliatu baitu. “Itzala. Gaixotasun baten kronika” liburuaren tituluak irakurleak barruan aurkituko duenaren sinopsi lana ezin hobeto egiten du, izan ere, idazle tolosarrak duela bi hamarkadatik baino gehiagotik bizikide duen gaitzaren gainean dihardu Ereinen eskutik argitaratu berri duen obran.

Autoreak Uxue Razquin editoreak lagunduta aurkeztu zuen lana atzo Donostiako Udal Liburutegian. Razquinek azaldu zuen liburua ez-fikziozkoa dela, idazleak bere gaixotasunaz hitz egiten duelako. Hala ere, Zugaztik bizitzan «aterpe» izan duen literaturak berebiziko garrantzia du obran, itzalaren iluntasun horretan «itsasargi» zaizkion elementuak ere badituelako hizpide.

Editorearen hitzetan, testu «hibridoa» da, uztartzen dituena eguneroko bizipenak eta saiakeraren antzekoagoak diren pasarteak. Ez-fikziozko lanetan kontatu beharreko hori nola kontatu «erronka» izaten dela azaldu zuen Razquinek eta, hala ere, Zugastik ahots propioz idaztea lortu duela.

Idazleak bi testuren bidez aurkeztu zuen lan berria: bata, liburua ontzen hasi orduko idatzia; bestea, hilabete honetan bertan sortua. Idazki horien bidez azaldu zuen urte luzez gaixo egonagatik ere berrikuntzak ekarri dizkiola azken boladan gaixotasunak, negatiboak, hori bai, beretzat bizitzaren oinarri sendoeneko bat duen literatura ere zalantzan jartzeraino.

«Nahi eta ezina» onartzeaz ere hitz egin zuen aurkezpenean, betiere kezkari beraz jabetzeko abagunea eman gabe, baina azpimarratu zuen egun bakoitza erronka dela berarentzat.

Halaber, azaldu zuen lehen aldia dela bere buruaz horren zuzen idazten duena eta, Razquinek berak proposatu arte, bururatu ere ez zitzaiola egin horrelakorik egiten hastea. Hori dela eta, ez du terapia gisa hartu, literaturak zein hausnartzeak bizitzen laguntzen diotela aitortu badu ere.

POEMA BAT, HIRU KOLPETAN

Rosalia de Castro idazle galiziarraren poema bat dakar liburuak, Inazio Mujikak itzulia, hura ere gaixorik bizi izan baitzen. Zugastik hiru zatitan banatu du olerkia, berarentzat ere egunak hiru zati izan ohi dituelako, «ia-ia, egunero bizitza bat bailitzan».

Horrela, liburuaren bidez egin duen hausnarketa lagungarri izan zaiola azaldu zuen aurkezpenean, gaixotasunak, hots, itzalak, sortzen dion «iluntasun hori arindu nahian, ondo bizitzeko».