Minari begiratzeko ausardia

Telesailak drama eta umorearen artean egiten du jauzi, eta Montrealgo ospitale psikiatriko batera eramango gaitu. Istorioak enpatiari buruzko hausnarketa intimo eta sakona proposatzen du. Tonua berezia da, gutxitan ikusitako samurtasun eta errespetuz landua. Florence Longpre, telesailaren gidoilaria izateaz gain, protagonista ere bada eta Suzanne Bien-Aimeren azalean sartuko da: kriminologoa da, baina tragedia pertsonal gogor baten ondoren, lanbidea aldatu eta psikiatriaren munduan murgilduko da. Bi urtez lanbidetik aldenduta egon ondoren, Mont-Royal ospitale psikiatrikora itzuliko da, bere bizitza berreraikitzeko asmoz. Baina laster konturatuko da pazienteekin eta haien istorioekin duen harreman estuak bere zauri pertsonalei ere eragiten diela.
Bere bizitza eta identitate profesionala berreraikitzen saiatzen ari den bitartean, ohartzen da entzutea, ulertzea eta laguntzea osasungarria bezain suntsitzailea izan daitekeela.
Lurralde anbiguo horretan, Mortimer lankidea ezagutuko du; bien artean sortzen den harremana berezia eta ñabarduraz betea dago.
Istorioak ospitalean artatzen dituen iraupen luzeko pazienteen egunerokoa eta haien kontakizunak erakusten ditu, baina baita Suzanne eta Mortimerren bizitza pertsonalak ere. Bi planoak bikainki garatuak daude.
Osasun mentalari heltzeko duen modua txalogarria da, estereotipoak albo batera utzi eta gizatasunetik begiratzen duelako. Eta horretan, telesailak darion tonu berezian, Phoebe Waller-Bridgeren esentzia ekartzen du gogora: zintzoa, gordina, eta aldi berean, samurki ironikoa.
Bikaina! Ez galdu.

«Quería quedarme sin conocimiento y que pasara lo que tuviera que pasar»

Palantir y el evangelio del nuevo poder tecnológico

Xabier Sánchez Erauskin, periodista comprometido y muchísimo más

Un juez de la AN revoca la semilibertad a Iparragirre y Karasatorre
