Mikel ARAMENDI
Kazetaria
JOPUNTUA

Hegemonia harrapakaria

Stephen M. Walt Harvardeko irakasle ezagunari egozten zaio «predatory hegemony» kontzeptua asmatu izana egungo (baina ez soilik azkenaldi honetako) Estatu Batuen kanpo politika definitzeko. Hau da, AEBk nazioarteko sisteman duen kokagune pribilegiatua erabiltzen duela aliatuei nahiz arerioei emakidak, abantailak eta betearazpen-epeak ateratzeko.

Beste era batera esanda: aldebiko harreman guztiak −ez bakarrik arerioekin, baita bazkide eta aliatuekin ere− zero baturako joko modura tratatzen dituela, harreman bakoitzari ahalik eta etekin handiena ateratzen saiatuz. «Nirea dena, neurea da; eta zurea dena, negoziatu egin behar da» duela printzipio nagusi.

Esango nuke egiatasun tankera handia duen gogoeta bertsua irakurri niola, ez dakit non, jada duela pare bat hamarkada Emmanuel Toddi. Eta memoriak huts egiten ez badit, hark «atrakatzailearen logika» gisako zerbait deitzen ziola. Armak eskuetan izatea erabiltzen duelako, batak zein besteak, bestela izango ez lituzkeen ondasunak eta onurak lortu ahal izateko. Ez da analogia txarra oraintxe bertan.

Dena delakoa izanda kontzeptuaren doitasuna eta etorkia, haren eragin politikoa aintzat hartzen hasi beharko dugu, pasa den astean Pekineko “Renmin Ribao” egunkari ezin ofizialagoak lehen orrialdera eraman baitzuen espresuki iruzkin batean. «Harrapakarien hegemoniarantz labaintzea, etorkizunera atzerabidetik joan nahi izatea» bezala dela zioen, beste arrazoibide askoren artean.

Benetan aintzat hartu beharrekoa, ordea, iruzkinaren sinadura zen. «Zhong Sheng» («Txinaren hitza», literalki), aginte gorenak, hots, Politburoak edota haren baitako atal espezializatuak, nazioarteko politikarako irizpideak plazaratzeko erabiltzen duten luma-izena edo pseudonimoa baita. Alegia, doktrina ofiziala da hark diona.

Eta ni ez nau batere lasaitzen jakiteak munduko bigarren potentziak ere uste duela lehen potentziak harrapaketarako darabilela hegemonia. Zero konfiantza adierazten du, ezta?