Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Ontzi kontua

Aitor dut, kosta egiten zait egunerokoan albisteen uberan egotea. Nahiago izaten dut egun batzuk pasata lasaitua hartu eta, ondo jesarrita nagoela, aurreko egunetako prentsari patxadaz begiratu, komunean. Nire buruak albiste hotzak hobeto digeritzen ditu beroak baino. Eta horretan nagoela, horra! Ilargira egindako azken bidaiaz gauza asko esan bai, baina gerora begira lurtarrontzat garrantzitsua izan daitekeen kontu bat bazter utzi dute apropos hedabide gehienek, eta, hori bai, argazkirik ez kontuaz. Bidaia egindako espazio-ontziko txoko delikatu batez ari naiz, ontziko komunaz; «eskusaua» esango lukeena nire amamak.

Total, arazoak eman ei zituen espazio-ontziko komun-ontziak, han goian, ilargi bueltan. Eskerrak alde ezkutuan izan zela edo! Dena dela, ulertzekoa da, ez da erraza izan behar bestelako grabitatea dagoen ontzi batean zuloan asmatzea, are gehiago digestio arinekoa bazara. Kontua, baina, zera da, made in USA omen zela komun-ontzia, ia ontzi osoan diseinatu zuten bakarra. Jakina, bizitza osoa euren kaka esportatzen ibilita ez dakite euren espazio ontzikoa zelan kudeatu. Eta ez dezatela aitzakiarik jarri, hori ez da Ormuzetik igarotzen!

Total, konturatu orduko, planetako gauza handien geroa oso gauza txikien esku geratzen ohi da. Horra gure estatus berri horren geroa. Igerilekuan ura den ala ez den, hortxe kontua omen! Amen! Aitzakia hori ere batzuentzat, beroketa globalera bidean ari garela eta lehorteak maizago izango direla uholdeak baino... Klimax aldaketa! Estatusa ez dakit baina Lemoizeko ontzia behintzat eguneratu nahi bai, zertarako eta mihi arrainak hazteko! Harrapa ezak/n! Irak/n! Zentrala martxan izatekotan itsaskiak nonahi izango genituela bota zuen jesuitak azkenean arrazoia izango! Arrainak izango, bai, hori bai, zentrala izan barik.