«Iazko esperientzia daukagu; Kopa jada ez da gauza berria»
Replasa Beti Onak-ek denboraldiari amaiera borobila eman nahi dio, Kopan beste behin ere maila ona erakutsita. Nafarrak egungo txapeldunordeak dira, eta aurten ere garaikurra lortzeko lehian egotea dute helburu. Laida Urbitarte jokalari oriotarraren hitzetan, «iazko esperientzia» daukate, «jada ez da gauza berria».

Ligako play-offetatik at geratu ostean, arreta Kopan dute Beti Onakeko jokalariek. Erronka berri bati aurre egingo diote, eta helburua argia da: garaikurra irabazteko lehian egotea. Iaz txapeldunorde izan ziren nafarrak, finala Bera Beraren aurka galduta, eta aurten ere pauso bat harago eman nahi dute. «Iazko esperientzia badugu; jada ez da gauza berria», esan du Urbitartek.
Ligako garaikurra lortzeko aukerarik gabe geratu zarete Malagan. Kolpe gogorra izango zen: kanporaketako itzuliko partida luzapenera eramateko aukera zazpi metrotik izan zenuten, baina ezta hori ere.
Ba, bai. Egia esanda, nahiko zapuztuta gaude ia partida osoan kanporaketa gurea izan zelako. Baina azkeneko bost minutuetan beraiek eskarmentua erakutsi zuten eta hortxe geratu ginen.
Ez dakit taldea kolpetxo horrekin dagoen oraindik ala Kopara begira zaudeten.
Gaur arte [asteartea] jai izan dugu. Arratsalde honetan espero dut taldea entrenatzera gogotsu joatea eta burua Kopan izatea, lehiaketa hauxe bakarrik geratzen zaigu-eta.
Gaur abiatuko da Kopa. Beste aukera bat, taldea garaikur bat eskuratzeko borrokan egoteko. Erronka ederra duzue!
Hala da eta gogotsu heltzen diogu. Ligarekin alderatuta guztiz ezberdina da Kopa eta iazko esperientzia hor daukagunez, ez da gauza berria eta ilusio handia ematen digu.
Zu oriotarra izanda, Kopa Donostian izatea etxean jokatzea da. Beti Onakentzat ez da etxea, baina gertukoa.
Halaxe da. Iaz Granollerseraino jende asko joan zen gu ikustera eta animatzera; beraz, aurten Donostiara are jende gehiago etortzea espero dugu.
Guri dagokigunez, garbi daukat etxean sentituko garela. Iaz Granollersen gurekin izan zen jendetza ikusita, eta aintzat hartuta aurten Atarrabiatik ordubetera egongo garela, jende asko etorriko dela espero dut eta, beraz, «marea berde» hori oso handia izatea.
Ligan maila ona ematetik zatozte eta iaz Kopako txapeldunorde izan zineten. Horrek konfiantza emango dizue?
Hori da. Gu Kopan izatea ez da nobedadea, baina esperientzia horrekin jokatzen jakingo dugula espero dut. Urduritasun gutxixeagorekin arituko al garen? Nik uste dut iazko esperientzia horrek lagunduko digula.
Lehenengo Atletico Guardesen aurka ariko zarete. Fase Erregularrean etxean irabazi egin zenioten eta etxetik kanpo, galdu. Antzik izango al du kanporaketak?
Partida berdindua izango dela uste dut, baina bestela ez du antzekotasun handirik izango. Beste lehiaketa bati buruz ari gara eta hor dena aldatzen da.
Iaz guk kanporatu genituen final-laurdenetan eta nik uste guri irabazteko gogotsu etorriko direla (irribarrez), errebantxa bila. Baina hain justu horregatik, guk ere are eta gogo handiagoz jokatuko dugu.
Bajaren bat edo beste baduzue taldean, ezta?
Bai. Epe luzerako bajak Estitxu [Rodriguez] eta Maialen [Orbañanos] ditugu, eta orain Elsak [Ventura] ere min hartu du eta azken jardunaldietan jokatu ezinik dabil. Egia esanda, ez gaude gure momentu onenean, baina egia da denboraldi honetan lesioekin ez dugula zorterik izan. Hala ere, aurre egiteko gai izan gara eta orain ere hala espero dugu.
Datorren urtera begira baja ziur batzuk badituzue: Aileen Ripa, Kelly Fonkeng eta Maria Brasil. Beste askok kontratua berritu duzue.
Laugarren urtearen bila! Etxetik gertu nago eta etxean sentiarazten zaituzte... Ezin naiz kexatu eta hori ere zortea da.
Miguel Etxeberria entrenatzaileak ere segituko du. Proiektuak jarraipena izan dezan berri ona da, ezta?
Seinale ona da beti blokea mantentzea. Urtez urte gehiago eta hobeto ezagutzen dugu elkar, konfiantza handiagoa dugu; horrek laguntzen digu.
Beti Onak 2022an gorenera igo zenetik barrutik ezagutu duzu taldearen bilakaera. Nolakoa izan da?
Taldeak gorenean egin zuen aurreneko urtean ni ez nengoen, baizik eta 2023tik aurrera. Lehenengo nire urte horretan sufritu egin genuen pixka bat. Iazkoa, 2024-2025 denboraldia, ongi hasi genuen, baina azkenerako gogorra egin zitzaigun, eta azkenera arte ez genekien play-downa -jaitsiera saihesteko fasea- jokatuko genuen, baina salbatu ginen.
Aurten, berriz, dezenteko jauzia egin dugu. Partida gehiago jokatu ditugu Europan aritu garelako, eta horrek uste dut asko irakatsi digula.
Europan debuta, Kopan txapeldunorde, aurten ere Kopan, Superkopan eta Ligarako borrokan... Taldea handiago egiteko irakaspenak dira.
Dudarik gabe! Zenbat eta gehiago jokatu zeure burua hobeto ezagutzen duzu eta badakizu zertara jokatu behar duzun. Hori azkenean ona da taldearentzat.

Hernani y Errenteria responden a Insausti sobre el sinhogarismo

Egia-ostetik negazionismora, saltsa arriskutsu bat

«En nuestras reivindicaciones ven una pérdida de sus privilegios»

Una súbita riada en el Himalaya sepulta centenares de vidas y aldeas
