Ezkutu soziala... norentzat?
Lakuaren etxebizitza dekretu berria aztertzen du egileak, «ezkutu soziala» terminoaren erabilera alderantzizkoa dela salatzeko. Bere iritziz, Gobernuaren neurriek -Bizigune indartzetik lokalak etxebizitza bihurtzeraino-, maizter ahulenak babestu beharrean, jabeen eta sustatzaile pribatuen interesei erantzuten diete, eta etxebizitza eskubidea higatu.

Enegarren terminoa liberalismo immobiliarioak bahitu eta desitxuratu duena: ezkutu soziala. Orain dena da ezkutu sozial. Esaterako, EAJk PSOErekin otsailean adostutako neurri bihozgabea, etxejabeek maizterrak errazago kaleratu ahal izateko. Ezkutu soziala deitu zioten, lotsa barik. Segurtasuna etxejabeentzat, aldarrikatu zuen EAJk. Zeinek eta segurtasun guztia eskaintzen duen Bizigune bezalako programa daukan autonomia erkidegoko alderdiak. Apirilean egiazko ezkutu sozial baten alde bozkatu zezakeenean, alokairuen prezio igoerak %2ra mugatzeko eta kontratuak bi urtez luzatzeko, abstenitu egin zena.
Ezkutu sozialtzat ere jo du Jaurlaritzak urgentziazko neurrien dekretua, onartu berri dena. Ez da oso argi geratu urgentziarena, urtebete baino gehiago eman duelako hura onesteko. Ezta ezkutu sozialarena ere, ez baita ulertu nor babestu nahi den.
Bizigune indartu nahi ei du dekretuak, etxejabeek kobratuko dutena igo egin delako. Arazoa da, inflazionista izateaz gain, neurria ez datorrela programa hobetzeko asmo batetik, baizik eta merkatu libreko prezio igoera zoroen aurrean Bizigune oraindik gehiago ez ahultzeko beharretik. Benetako aldaketa maizterren diru sarrera maximoetan dago: bikoiztu egin dituzte, 21.000 eurotik 46.000 eurora, antza, klase ertainetara zabaltzeko asmoarekin. Ez da gehiago zehaztu, baina badirudi Bizigune premium bat datorrela hurrengo urrats batean, «alokairu eskuragarriarekin» egin duten moduan: Etxebideren zerrendako diru sarrera gehien dituztenentzako eskaintza berezi bat. Besteen kaltetan, noski. «Ezkutu soziala».
Dekretuak azkarrago bihurtu nahi ditu lokal komertzialak etxebizitza. Horretarako, ideia ona iruditu zaio Jaurlaritzari bizigarritasun baldintza gutxiago eskatzea: etxebizitza bihurtutako lokalek ez dituzte bete behar izango gainerako etxebizitzek legez bete beharreko bizigarritasun baldintza minimoak (eguzkiztapena, aireztapena...). Ezkutu soziala, lokal komertzialak lugorri moduan eduki dituzten jabeentzat, infraetxebizitzak egin ahal izan ditzaten.
Etxebizitza eskubide subjektiboa aitortua izateko diru sarrera kopuru maximoa eguneratu da, bai, baina apenas ezer: orain 14.000 euro kobratu ahal izango dituzte herritarrek eskubide hori aitortua izateko. Pobreziaren atarian jarraitu beharko dute, alegia, Erkoreka jelkideak bere garaian iragarritako «mundu mailako dei efektua» sor ez dadin. Ezkutu soziala izan zitekeena, ezkututxo besterik ez.
Alokairu soziala eskuratu ahal izateko errolda epe minimoa 3 urtera igo du dekretuak. Aldaketa bitxia, babes publikoko etxeak jabetzan eskuratzeko urte bateko epea mantendu duenean. Neurria arrazismotik eta xenofobiatik ulertu nahi ez bada, ezkutu sozialaren logikan ulertu behar da: kasu honetan, Jaurlaritza bera babesteko ezkutu soziala. Etxebideren zerrendan izena emateko gogoak kentzeko neurria delako. Dekretuan esaten da alokairu sozialeko 81.250 eskaera daudela Etxebiden, baina dagoeneko 85.300 dira, Jaurlaritzak berak apirilean esan bezala: 4.000 gehiago. Izen emateen igoera ikaragarria apaltzeko neurria da.
Gaztelagun prestazioaren ustezko hobekuntza ere badakar dekretuak. Maizterren diru sarrera maximoak igotzeaz gain, alokairu garestiagoak lagunduko dira, %12,5 garestiagoak, eta are garestiagoak eremu tentsionatuetan. Neurri hori oso inflazionista da, alokairu libreen prezioan zuzenean eragiten duelako, alokairu burbuila are gehiago puztuz. Ezkutu soziala, alokatzaileentzat.
Azkenik, badago neurri harrigarri bat dekretuan, hedabideetan apenas aipatu dena: sustatzaile pribatuek salmentako babes ofizialeko etxeen prezioa 1,7 aldiz igo ahal izango dute, ezusteko ekonomikoak izan badituzte sotoen eraikuntzan (zimendatzean, inpermeabilizazioan, euste hormetan...). Gaur egun 90 metro karratuko babes ofizialeko etxebizitza bat 200.000 eurotan saltzen da: bada, eraikuntza arazoak justifikatuz gero sustatzaileak 340.000 euro eskatu ahal izango ditu. Alfonbra gorr... barkatu, ezkutu soziala, sustatzaileentzat.
Dekretua ez da saldu dutena, beraz. Kualitatiboki egokiak diren neurriak kuantitatiboki ezdeusak dira. Eta neurri esanguratsuenak oso zalantzagarriak dira justizia sozialaren ikuspegitik. Hori bai, komunikazioa ohi baino gehiago lantzen ari da Etxebizitza Saila. Hortik ezkutu soziala terminoaren erabilera. Edota sailburuak dekretuaren onespena iragartzeko prentsaurrekoan ahoz adierazitakoa: neurriokin espero ei dute Bizigune 7.500 etxebizitzatik 9.500era igotzea; bitxia, azken Etxebizitza Gida Planak 8.500 baino ez dituenean ezarrita helburu gisa. Eta dena horrela.

La UCO y la UDEF, marcadas por la violencia y el espionaje

«Ayamonten jendea ehunka etortzen zaizu esanez: ‘Yo soy de Ondarroa’»

Otegi a Esteban: «¿Usted con quién gobierna? ¿No gobierna con el PSOE?»

Peiremans+ taldeak zazpi kontzertu emango ditu abenduan
