Txoli MATEOS
Soziologoa
JOPUNTUA

Jakin-min pornografikoa

Artean nerabea zela egin nion galdera alabari, ea bere ezagunen artean zenbatek ikusten zuen pornografia. «Mutilen artean den-denek, salbuespenik gabe», baieztatu zuen. Nesken zenbatekoa jakitea, ordea, zaila zen, gaiaz berba egiteko lotsa gailentzen zelako, baina euren artean erdiek ikusiko zutela susmatzen zuen berak.

Arrazoi ideologikoak tarteko, pornografia tabua izan da nire belaunaldian, feministon artean bereziki. Beti uste izan da prostituzio mota bat dela, hau da, atzean gizonezkoek zapaldutako emakumeak daudela. Pornografiak, gainera, heterosexualitatearen eredu arbuiagarriak erakusten ditu. Maskulinitate toxikoaren eroalea da eta hori larrutik ordaintzen du geroago bikotekide sexuala den emakumeak. Egun, Interneten eta sakelako telefonoaren erabilera goiztiarrari egozten zaie nerabeek eduki pornografikoen bila joateko ohitura horien ugaritzea. Ertz askoko gaia da pornografia eta produktu eta kontsumitzaile mota ugari daude. Grabazio kaxkarrak eta ordainpeko plataformak, adibidez. Hala ere, uste dut estereotipoz beteta begiratzen diogula. Pornografiak ez du beti erakusten harreman heterosexualik, esate baterako. Homosexualitateak eta transexualitateak espazio handia betetzen dute egun. Askatasun sexualerako bidea erraztu dezake horrek? Gainera, tabua izaten jarraitzen duelako, ez gara jabetzen emakumeok ere pornografiaren kontsumitzaile garela. Izaera askotako emakumeak.

Baina helduok pornografiarekin dugun harremanaz gain, ez dugu aztertzen zergatik jotzen duten nerabeek pornografiara. Nik ageriko arrazoi bi aurkitzen ditut. Lehena, plazeraren bila joatea. Ez dut ulertzen horrek sorrarazten duen asaldura. Zergatik da txarra? Eta bigarrena, guraso eta irakasle askok geure buruari ezkutatzen dioguna: nerabeak sarean bilatzen du helduok ematen ez diogun informazioa. Interneteko bilatzailean jarri nuen behin «nola» berba eta esaldia amaitu aurretik agertu zitzaidan hau: «Nola egiten da maitasuna?» Horixe omen zen galdera ohikoena, horixe jakin-mina.