Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
YO NO MORIRÉ DE AMOR

Maitasuna ere nekatzen denekoa

Marta Matuteren lehen film luzeak soiltasunean aurkitzen du indarra, eta isiluneetan, zauriaren egia. Gizatiarra eta hunkigarria da, inolako keinu handirik egin gabe.

18 urteko Claudia da protagonista. Amaren gaixotasuna ekaitz isil baten moduan sartu da bere bizitzan, eta aspaldi lokartuta ziruditen familiako rolak mugiaraziko ditu. Zaintzaren pisuaren eta gaztaroak eskatzen duen askatasunaren artean harrapatuta, heldutasunerako jauzi mingarri bat egin beharko du ia ohartu gabe.

Matutek sentimentalismo oro saihesten du. Gaixotasuna familiaren dinamika isilean eraldatzen duen presentzia progresibo baten moduan eraikitzen da. Kamerak ez du epaitzen: gorputzen dardara txikietan eta esaten ez den horretan pausatzen da, pertsonaien neke emozionala hurbiletik entzunez.

Lau aktore nagusiek maila handiko lana egin dute; bereziki distiratsua da Julia Mascorten interpretazioa. Horren presentzia garden eta mingarriaren bidez azaleratzen du Matutek filmaren ideia krudelenetako bat: maitasunak ez duela beti eskuzabaltasuna esan nahi, eta gaixotasunak familiaren arrakaletan ezkutatzen diren egoismoak ere biluzten dituela.

Pertsonaiak bikain marraztuta daude, sotiltasunez landuak.

Filmak badu beste geruza isil bat ere: zaintzaren ikusezintasuna. Ez du gaixotasunari buruz soilik hitz egiten; zaintzen duten gorputz nekatu horiei buruz ere ari da, egunerokoaren zama bizkarrean daramaten horiei buruz, askotan inork begiratu ere egiten ez dien bitartean.

Amaieran isiltasun luze bat uzten du, bihotzean pausatzen dena. Bikaina.