Txipen gerra teknologikoan
Txipez inguratuta bizi gara. Automobil moderno batek, 1.000-3.000 erdieroale ditu, dozenaka unitate elektronikotan banatuta. Osagai horien balio osoa 500 dolarretik gorakoa izan daiteke ibilgailu arrunt batean, eta 3.000 dolarretik gorakoa ibilgailu elektriko eta gama altukoetan. Txip aurreratuenek, hiru nanometroko nodoetan fabrikatuak, dozenaka mila milioi transistore integratzen dituzte azalera txikietan, eta 30.000 dolarretik gorako merkatu-prezioak lortzen dituzte errendimendu handiko aplikazioetan, hala nola adimen artifizialean.
Sinonimotzat hartu ohi badira ere, berezi ditzagun. Erdieroalea oinarrizko materiala (batez ere, silizioa) da; zirkuitu integratua, milioika edo milaka milioi transistore integratzen dituen arkitektura; eta txipa, merkaturatzen den azken produktu kapsulatua. Nazioarteko merkataritzan duen pisua apartekoa da. Zirkuitu integratu monolitiko digitalek bigarren posizioa dute munduko esportazioen rankingean (ia 5.000 produkturen artean), petrolio gordinaren atzetik. 2024an 967.551 milioi dolar esportatu ziren, kanpo merkataritzaren %4,23.
Txipek izaera transbertsala dute eta azpiegitura kritikoen baliokide dira, haien erabilgarritasunak eta funtzio gaitzaileak ekoizpen eta segurtasun sistema osoen funtzionamendua baldintzatzen baitute. Ezinbestekoak dira automobilgintzarako, adimen artifizialerako, telekomunikazioetarako, defentsarako, energia berriztagarrietarako, Industria 4.0ari loturiko teknologietarako, etxetresnetarako... Gainera, hainbat ezaugarri ekonomikok sektorearen singularitatea areagotzen dute: hasierako inbertsioaren kostu erraldoiak, instalazio aurreratuetan 10.000 milioi dolarretik gora; ziklo teknologiko azkarrak; eta gaitasunen kontzentrazio handia aktore eta lurralde gutxitan. Salgai hauen izaera estrategikoa koronabirusaren pandemian nozitu ahal izan genuen, txipen eskasiaren ondorioz, munduko automobil-ekoizpena nabarmen murriztu zenean, 210.000 milioi dolar inguruko galerak sortuz 2021ean.
Geopolitikaren ikuspegitik, erdieroaleen industrian aktore bakoitzak balio katearen zati eta segmentu ezberdinetan dira boteretsu. Txip logiko aurreratuak fabrikatzeko ahalmenaren %90 baino gehiago Asian dago, bereziki Taiwanen eta bertako TSMC enpresan. Baina, Amerikako Estatu Batuak dira nagusi diseinuan, softwarean eta ekipamenduaren zati batean. Europa, aldiz, makineria kritikoan nabarmentzen da, litografia aurreratuan, adibidez. Aldi berean, egiturazko disfuntzio bat ere azaleratu da: nodo aurreratuenek (merkatuaren %20) inbertsioa eta marjina handienak kontzentratzen dituzten bitartean, nodo helduek -automobilgintzarako, etxetresna elektrikoetarako edo industriarako funtsezkoak- itoguneak pairatu dituzte gaitasun produktibo faltagatik.
Testuinguru horretan, Ameriketako Estatu Batuek guda teknologiko bat abiatu zuten 2018an, txinatarren aurrerapena geldiarazi asmoz, txip eta lotutako teknologia aurreratuetarako sarbidea mugatuz. 2019an Huawei zerrenda beltzean sartu zuten, estatubatuar jatorriko osagaiak eta softwarea eskuratzeko aukera murriztuz. Laster, neurriak txipen industria osora hedatu ziren. Kontrol estuak ezarri ziren Txinari txip aurreratuak eta fabrikazio-ekipoak saltzeko orduan. Estrategia horretan, Washingtonek ez zuen bere lurraldean bakarrik jardun, funtsezko hainbat herrialde ere makurtu ditu. Japonia -Nikon eta Tokyo Electron enpresen egoitza- eta Herbehereak -ASMLren egoitza- presioaren erdian geratu dira litografia aurreratuaren salmenta mugatzeko. Taiwan, TSMCren etxea, funtsezkoa izatera pasatu da, abangoardiako txipen fabrikazioan duen nagusitasunagatik, eta horregatik, besteak beste, puntu geopolitiko gori baten erdian kokatzen da. ASMLri debekatu egin zitzaion gama goreneko litografien makinak (EUV) esportatzea, Txinari nodo aurreratuak (5 nm beherakoak) modu masiboan eta errentagarrian ekoizteko ahalmena galgatu asmoz. Ondoren, aurreko belaunaldiko DUV makina batzuk ere galarazi ziren, baita txinatarrei hodeian hainbat konputazio-zerbitzu sofistikatu jasotzea; eta orain eztabaidan dago jada Txinan dauden makinen mantentze-lanak, piezak eta eguneratze softwareak debekatu edo ez (Match lege proposamena). Nvidiari, AMDri eta Taiwaneko enpresei txipak eta hardwarea saltzea ere eragotzi diete. Txinaren erreakzioa elektronika globalari ezinbestekoa zaion lur arraroen eta material giltzarri prozesatuen esportazio-murrizketetan zentratu da, berak kontrolatzen baitu lur arraroen fintzearen %90. Aldi berean, 2030erako balio-kate osoaren autosufizientzia lortzeko ekinean dabil, orain ez asko ezinezkotzat jotzen ziren edo askoz geroago kokatzen ziren hainbat mugarri lortuz.
Modu paraleloan, egun beste alor batzuetan gatazka teknologikoak ere jazo dira. Hor daude biologia sintetikoa, sekuentziazio genomikoa eta sendagaien fabrikazioa, edo trantsizio energetikoa eta baterien teknologia, edo satelite bidezko telekomunikazioak eta orbita baxuko azpiegitura. Historia garaikidean aurrekariak ere badaude: Lehen Mundu Gerrako salitrearen gerra, Txile, Erresuma Batua eta Alemania korapilatu zituena; Gerra Hotzeko monopolio nuklearrerako lasterketa eta kriptografiaren eta konputazioaren gerra.
Interesgarria da ikustea nola kapitalismoaren hastapenean ere antzeko estrategiak ezarri ziren. Britainia Handiak XVIII. eta XIX. mendeetan, abantaila industrialari eusteko, gatazka teknologikoa sustatu zuen Frantziarekin eta, geroago, Ameriketako Estatu Batuekin eta Europako beste herrialde batzuekin. 1749tik aurrera Londresek hainbat lege onartu zituen, artisau kualifikatuen emigrazioa eta ehungintzarekin, metalurgiarekin eta baporizazioarekin lotutako makina, plano eta erreminten esportazioa debekatzeko. Erantzuna espioitza industriala, alderantzizko ingeniaritza eta profesionalen erakarpena izan zen. Orain bezala. Talentua, makineria eta botila-lepo teknologikoak kontrolatzea industrializazioa bera bezain tresna geopolitiko zaharra da. Epe luzera, blokeoa neurri batean ez zen eraginkorra izan, eta azkenean XIX. mendeko lehen erdian indargabetu zen.

Potaje de causas contra el PSOE de Sánchez cocinado por UCO y UDEF

Herrigintza, Euskal Herriaren azken hamarraldietako giltzarri gutxietsia

La manifestación de enero de 2027 buscará sellar una realidad dolorosa
