Julen ORBEA BEREIKUA
GAURKOA

Hizkuntza txikien ekarpen handia

Maiatzaren 21ean, munduak bere kultura eta hizkuntza aniztasuna ospatzen du, baina ospakizunaren atzean, zauri asko daude irekita eta alarmak piztuta. UNESCOren arabera, azken ehun urteotan 200 hizkuntza baino gehiago galdu dira betirako, eta krisia azeleratzen ari da: urtero 25 hizkuntza desagertzen dira munduan. Gaur egungo 7.000 hizkuntzetatik %40 arriskuan daude, eta joera aldatzen ez bada, hurrengo mendean %90 desager daitezke. Hizkuntza bat hiltzen denean, ez da soilik hitz multzo bat galtzen, mundu ikuskera oso bat desagertzen da betirako: maitasuna, euria, askatasuna edo justizia izendatzeko modu bakarra, ordezkatu ezin daitekeena.

Dena homogeneo, bat eta bakar, elebakar nahi dutenen artean, bizirauten duten lengoaia txikiak ere badira oraindik. Gurera ekarriz, Espainiako eta Frantziako inperioen historia anbizio baten kronika dira; gaztelania eta frantsesa hizkuntza txikiak zapalduz altxatu ziren. Ondoren planeta osora esportatu zuten zapalkuntza, beraien elebakartasuna zibilizazioaren sinonimo balitz bezala inposatuz. Haien glotofagia tokiko gizarte egiturak deseginez gauzatuz joan da mendez mende.

Nebrijaren maximaren pean, «la lengua fue siempre compañera del imperio», asfixia politikak artikulatu ziren Nafarroako konkistatik gaur egungo Ekuador, Ginea edo Filipinetaraino. Decretos de Nueva Planta (1707-1716) zeritzenek irakasleei beren hizkuntzan irakastea debekatu zieten. Inperioaren mapatik ezabatu zituzten Kaliforniako kotximi hizkuntzak eta Iberiar penintsulako mozarabiar hizkerak. Mexikon edo Bolivian, Karlos III. a ilustratuaren zedula suntsitzaileak «extinguir las distintas lenguas y hablar solo el castellano» agintzen zuen, txiapanekoa bezalako hizkuntzak desagertzera eta kitxua, nahuatl edo ashaninka, mendetako bazterketara kondenatuz.

Liberté-aren herrialdean, prozesua kirurgikoa izan zen. Villers-Cotterêtseko Ordenantzaren (1539) ondoren, 1789ko Iraultzak etnozidio kulturala erradikalizatu zuen. Jules Ferryren (1881-1882) legeek eskola umiliazio gune bihurtu zuten: haur bretoiei eta euskaldunei kartel bat zintzilikatzen zitzaien lepoan frantsesez hitz egiten ez bazuten. Eskola publiko, doako eta laikoa, bai, baina frantses elebakar inposatuaz soilik.

Estrategia bera kolonietan errepikatu zen: Aljerian arabiera «atzerriko hizkuntza» izendatu zuen Frantziak 1938an; Senegalen, 1922ko dekretu batek frantsesez ez zen edozein irakaskuntza debekatu zuen. Pisu horren pean erori ziren ehunka hizkuntza, edota wolof edo tamazight mintzairak, adibidez, bazterketara behartu.

Errepublikak, monarkia, diktadurak… bi estatuek ezker-eskuin forma ezberdinak izan dituzten arren, herri txikiak ukatu eta hizkuntzak inposatu dituzte beti, izan euskalduna, kanakya, guarania, katalana, okzitandarra, sererra, amaziga, aimara edo galegoa... Eskubide batzuk borrokaz lortu diren arren, hizkuntza kontrolaren oldarraldiak etengabe iraun du.

XXI. mendean, errepresioak ez ditu beti fusilak erabiltzen, baina toga janzten jarraitzen du. Frantziar Estatuan txikiei oinarrizko eskubideak ukatzen jarraitzen dute: azterketa ofizialak euskaraz egitea berriki debekatu da berriro, eta Molac Legea (2021) −eskualdeetako hizkuntzak babestu nahi zituena− Konstituzio Auzitegiak moztu egin zuen, «Sur la base de l’article 2 de la Constitution qui stipule que la langue de la République est le français».

Espainiako Estatuan, auzitegietatik eraso. Euskara hutsez genuen egunkari bakarra 2003an itxi zuten, atzo. Udaletan euskara erabiltzeko planen aurkako errekurtso judizialen oldarraldi betean gaude gaur; osasungintzan eta administrazioan euskaraz artatua izateko eskubidea murriztu nahi da, gaztelaniaren «diskriminazioaren» falazia eta langileon eskubideen karta erabiliz Inperioko hizkuntzaren nagusitasuna iraunarazteko.

Euskara, beste jatorrizko hizkuntzak bezala, txikia da. Milaka urteko sustraiak ditu. Eusteak meritu ederra izan du, baina eustea ez da nahikoa. Eskubideak gauzatzean oinarritutako etorkizun berri bat eraiki behar du, gurekin bizi diren beste hizkuntza txikiekin batera. Marko juridiko eta politiko nazional osoa behar du. Nork jartzen du zalantzan Alemanian alemanez ikasi behar dela han bizi nahi baduzu? Zergatik ez Euskal Herrian?

Euskara arlo guztietan normalizatu behar dugu, mediku kontsultatik unibertsitateraino, lantokitik kiroleraino. Beharrezko bihurtu. Euskaraz bizi, pentsatu, erosi, harremanak izan, sentitu, komunikatu. Bizi-bizirik, eskura, egoki eta egokituz.

Euskal Herrian «nihao», «hi», «salam», «azul», «hola» eta ehunka agur entzuten dira, mundu bat bizi da hemen, hainbat hizkuntzatan. «Kaixo»-k elkartuko gaitu. Euskarak zubi hizkuntza izan beharko du euskararen herrian. Ez handien arauaren pean, txikien aliantzan oinarritua. Hizkuntza txiki bakoitzak bizirik dirauen bitartean, botere homogeneizatzaileak ezingo du irabazi. Horregatik ez gara bakarrik borrokatzen: hizkuntza txikien defentsan elkarrekin, aniztasunetik, mundua aberatsago, askeago eta gizatiarragoa egiten dugu eta «ongi etorri» esaten dugunean, denon mundura gonbidatzen ditugu. Hizkuntza txikien ekarpen handia.