Komedia erromantikoaren deseraikuntza

Lagunarteko afari lasai batean, edariak tarteko, galdera bat: zein izan da bizitzan egin duzun gauzarik txarrena? Galdera horrek -edo, hobeto esanda, Emma (Zendaya) pertsonaiaren erantzunak- piztuko du “The Drama” filmeko gatazka nagusia. Nahikoa al da film osoari eusteko? Neurri batean bai, neurri batean ez.
Film honekin Kristoffer Borglik harremana hausteko zorian dagoen bikote baten barrenera eramango gaitu; ezkontza aurreko egunetan bizi duten krisi sakonera, zehazki. Emmak (Zendaya) eta Charliek (Robert Pattinson) harreman idilikoa dute eta ezkontzear daude. Baina gau batean, zeremonia baino egun batzuk lehenago, lagunekin afari bat antolatuko dute. Amaieran, joko bat: “Bizitzan egin duzun gauzarik txarrena”; hori aitortu beharko du bakoitzak. Emmak aspaldiko sekretu bat kontatuko die, eta horrek eragin handia izango du hurrengo egunetan.
Borglik komedia erromantikoaren formara hurbiltzen gaitu, baina barrutik desegiten du generoaren azal leuna, satiraren eta deserosotasunaren bidez. Maitasunaren, egiaren eta moralaren arteko ertzak aztertzen ditu, intimitatea bera esperimentu bihurtuz.
Bikotearen krisia aitzakia bihurtzen da egungo hipokrisia morala islatzeko, non jendaurreko begirada gupidagabeek pertsonen irudia baldintzatzen duten. Filma, horrela, deserosoa da, baina aldi berean bitxia eta erakargarria; barrearen eta urduritasunaren arteko dantza etengabean mugitzen da. Aktoreen lan bikainak, gainera, asko laguntzen du tonu berezi hori lortzen.
Azken pasarteetan, ordea, erritmoa astunagoa da eta zenbait unetan errepikapena dagoen sentsazioa sortzen du.
Narrazioak amaieran oreka galtzen badu ere, “The Drama” lan oso interesgarria eta zirikatzailea da, batez ere galderak eragiteko gai delako.

«Ez nuen mina zukutu nahi,ez delako nirea bakarrik»

384.390 pacientes han pedido ser atendidos en euskara a Osakidetza
El PNV, la FIFA y la política de la marcha atrás

El TC reprocha al TSJPV que puede darle la razón a Vox sin acudir a él
