GAIZKA IZAGIRRE
HERNANI
BACKROOMS

Beldurra saretik pantaila handira

Aurten gehien espero diren beldurrezko filmen zerrenda guztietan ageri den proposamena zinemetara iritsiko da: “Backrooms”.

A24 ekoiztetxearen zigilupean eta Kane Parsons gaztearen begiradapean ondua, lanak Parsonsek berak sortutako izen bereko webseriean du jatorria. Hiri kondairen eta creepypasta genero digitalaren eraginpean, “4chan” webgunean sortutako iruditerian dago oinarrituta istorioa.

Parsonsek 19 urte besterik ez dituela zuzendu du film hau, eta, horrela, A24ren historiako zuzendaririk gazteena bihurtu da.

Parsonsek berak YouTuben sortutako unibertso batetik dator dena. Nerabea zela, fenomeno biral bihurtu zen, errealitatetik haragoko espazio labirintikoei buruzko film laburren sorta bati esker. 2022an lehen bideoa argitaratu zenetik, milioika ikus-entzule bildu ditu, eta sarean izandako oihartzun handi horretatik sortu da orain film luzea.

Istorioak, orain, aurpegi ezagunak hartuko ditu, eta Chiwetel Ejiofor eta Renate Reinsve izango dira protagonistak. Argumentuak misterioz beteriko abiapuntua du: altzari denda bateko sotoan ate bitxi bat agertuko da. Terapeuta baten pazientea errealitatetik haragoko dimentsio batean desagertzen denean, terapeutak ezezagunera egin beharko du jauzi, pazientea salbatzeko.

“Backrooms” filmaren beste elementu deigarrienetako bat tarteka erabiltzen duen found footage estetika da; izan ere, jatorrizko film laburretan funtsezko ezaugarria bihurtu zen. «Egia esan, YouTuben aspalditik erabiltzen dudan ia prozesu bera erabili dugu hemen ere. Blender programa erabiltzen jarraitzen dugu, motion tracking egiten dugu eta live action-eko irudiak eszenatoki digitalekin nahasten ditugu. Etxean dudan VCR bera erabiltzen dugu efektu analogiko hori lortzeko», azaldu du Kane Parsons zuzendariak.