Julen ORBEA
Etxebarrieta Memoria Elkartea
KOLABORAZIOA

Belaunaldi hura

Urte mugituak. Parisen, ikasleak adokinak eskutan, Vietnamen yankiei egurra, Che Boliviako mendietan eraila, Black Panthers Party kaleetan, Belfasteko The troubles deiturikoak, V. asanblada, Aljeriako independentzia, Kennedy eta Luther King tiroz erailak. Txabi, Tolosan, 68ko ekainaren 7an.

Gaur 82 izango lituzke Etxebarrietak. Adin berekoa da Angela Davis, 1944an jaioa ere. Gerry Adams irlandarra lau urte gazteagoa da. Lucia eta Pepe uruguaitarrak, Txabi baino urte batzuk nagusiagoak. Bigarren Mundu Gerra garaian jaiotako haurrak, injustizien aurka oso gaztetatik borrokan. Gaur ditugun eskubide asko belaunaldi hartako neska-mutilei zor dizkiegu.

Gurean, diktadura betean, Burgosen epaitu zituzten frankismoaren basakeria salatu zuten gazte haiek adibidez. Oraindik gurekin ditugunak, Itziar Aizpurua, Unai Dorronsoro, Kepa Enbeita, eta joan zaizkigunak, Arantza Arruti, Bittor Arana, Jon Etxabe −Txabiren idazmakinaren zaintzailea−, eta abar, eta abar.

Ausardia oparitu ziguten: iluntasunean argia pizteko konpromisoa, ezinezkoa zirudienean borrokan jarraitzekoa.

Gaur egun 80-85 urte inguruan dituzten gazte borrokalari haien artean daude joan zaizkigun Pako Letamendia, Ramon Zallo, eta oraindik lan eta lan dabiltzan Tasio Erkizia, Jokin Apalategi, Miguel Castells, Periko Ibarra, Xabier Amuriza... koherentzia bizia, herriarekiko maitasuna begietan daramatenak oraindik.

Izen eta abizen asko, gizonen mundu hartan, izengabeko eta aitortza gabeko emakumeak, ikastoletan, fabriketan, erresistentzia kutxetan, grebetan, presoen sustenguan, bizi osoa borrokan daramatenak. Bakoitzak bere modura, herri honen memoria, hizkuntzaren bizitasuna, zapalkuntzaren aurrean zutik jarraitzeko kemena eman zizkiguten belaunaldikoak.

60 eta 70eko hamarkadetan, belaunaldi hark herria putzutik atera zuen. Gaur, inoiz baino independentista gehiago dagoen Euskal Herrian, borroka antinuklearra, borroka feminista, pentsio eta lanpostuen aldeko mugimendua, euskalgintza, antimilitarismoa, memoriaren borroka, harrera herriaren defentsa... haien haziak loratuz doaz. Borrokan ari dira egun ere.

Ekainaren 7a izan dadila belaunaldi hura gogoratzeko egun bat. Eskerrik asko, beraz, irakaspenak bizirik dauzkaten guztiei. Eskerrik asko, gure artean egon edo ez, bizirik zaudeten guztioi. Zuek gabe, beste bat izango litzateke gaurko Euskal Herria. Zuek gabe, ez genuke hain argi ikusiko irabazteko dugun bidea.