Bidegurutzean, norabidea zehazteko astia hartuko du Bidehutsek
Autosufizientzia, independentzia eta elkartasun kolektiboa ardatz dituen Bidehuts egitasmoak 2007an ekin zion bideari. Izurri garaitik gaurdaino «gerrikoa estutu, eta bidea geroz eta malkartsuagoa» bihurtu zaie. Bidegurutzean daude. Hausnarketarako astia hartuko dutela iragarri zuten atzo. Etorkizunari aurre nola egingo dioten jakinda ospatu nahi du kolektiboak, datorren urtean, bere hogeigarren urtebetetzea.

Ez dira garai onenak Bidehuts kolektiboarentzat. Izurri garaitik gaur arte pairatzen ari diren egoera zailaren berri eman eta zertan diren azaldu zuten atzo ohar baten bidez.
«2007an, bide bati ekin genion, eta zarata ateratzen jarraitzeko balioko zigun eredu batean oinarritu ginen, autosufizientziatik, independentziatik eta elkartasun kolektibotik urrunduko ez gintuzten printzipioei atxikita. Gure ideiak gauzatzeko libre sentituko ginen espazio propio bat sortzea zen helburua, eta hori lortu dugula sinetsita gaude», gogoratu zuten.
«Eskutik helduta ibili izanaz eta, hobekien jakin dugun bezala, gainditu ditugun zailtasunen aurrean elkartuta mantendu gaituzten jatorrizko ideiekiko leial jokatu izanaz harro» agertu dira.
Eredu horrek oso ondo funtzionatu zuen 2020ra arte. Orduan hasi ziren arazoak. «Kontuek ez zuten guztiz bat egiten, gerrikoa estutu, eta bidea geroz eta malkartsuagoa bihurtu zitzaigun. Egoera hori irauli nahian gaude, baina oso une delikatua da, eta gainditzen dugun moduaren arabera, gaindituko badugu, bidea oinetako hauekin ibiltzen jarraitu ahal izango dugu, edo oinutsik egin beharko dugu. Kontua da, gure ereduan sinetsita, bagarela egoskor samarrak eta berdin jarraitu nahi dugula, akaso, ukitu batzuekin», kontatu dute.
Horregatik guztiagatik, hausnarketarako denbora gehiago hartuko dute. «Bidegurutze honetatik ateratzeko aukeran, zubi bat eraikitzen lagunduko diguten gakoen bilaketan azken saiakera. Gure 20. urtebetetzea zuekin ospatzeko, jakinda etorkizunari aurre nola egingo diogun. Ia hogei urte zaharragoak izan arren, oraindik badugu indarra eta gogoa zarata gure erara egiten jarraitzeko. Elkarrekin», diote.
DENBORAREN JABE
Denboraren jabe izatea da askotan giltza. Bidehutsek orain arteko ibilbide luzean erakutsi du horren garrantzia. Merkatuak markatutako betebeharrak alboratuta, euren buruari inongo presarik ezarri gabe egin dute lan. «Talde bakoitzak markatu ditu bere denborak. Bidehuts sortu genuenean irizpideetako bat hori zen, askatasun hori izatea gure lanak aurrera ateratzeko», kontatu zion GARAri Eneko Aranzastik 2023ko ekainean. Eta abagune konplikatu honetan ere euren denboraren nagusi izan nahi dute.
Euskal musikaren eszenan eredu izan dira hainbatentzat. Horren aurrean, umiltasunez, Aranzastiren erantzuna hauxe: «Ez gara ezer berezia izan, baina eredu izan gara».
ESPIRITUA
Lisabök, Inoren Ero Nik, Hotelek eta Anarik osatu zuten Bidehuts. 2006an izan zen, bazkari giroan. Hasierako egitasmoa Inoren Ero Ni eta Lisabö taldeek elkarrekin osatutako biniloa argitara ematea zen. Beste hainbat egitasmo etorri ziren atzetik.
«Gure diskoak guk egin, guk argitaratu, guk zabaldu eta inoiz diru sarrerarik balego, beste baten bila joan». Halaxe laburtu zuten zigiluaren espiritua. «Ez dugu diskoetxe bezala ulertzen eta hasieratik ez genekien zehazki nola deskribatu, baina diskoetxe bezala ez genuen ikusten. Finean, Bidehuts, sortu genuena eta sortzen dugun hori, kolektibo gisa edota bertako taldeok erabiltzen dugun erreminta gisa ulertzen dugu».
Euren ibilbidean mugarriak zaleekin ospatzeko hartu izan dute betarik. Hamargarren urteurrenaren karietara “Mirailak-Gure arteko begirada zeharkakoak” lana kaleratu zuten. Bertan hamar egilek elkar bertsionatu zuten. Aurrerago, 2023an, Hondarribiko Psilocyben elkartu ziren. Iaz, berriz, Orioko Etxeluze gaztetxean.

Respuestas de perfil y de cara a una crisis desconocida hasta la fecha

«En Irulegi vivía gente mil años antes de los vascones de ‘abaŕ’ y la Mano»

La familia de Ander quiere esclarecer los hechos que acabaron con su vida

Un joven fallece en Santurtzi tras actuar la Policía Local con una táser
