Andoni ARABAOLAZA
EUSKAL HERRIA MENDI ERRONKA

Borja Zubizarreta eta Naroa Uria, txapeldun

Euskal Herria Mendi Erronka lasterketako podiuma.
Euskal Herria Mendi Erronka lasterketako podiuma. (EHME)

Ohi bezala, Euskal Herrian trail running-eko lasterketen asteburu bete-betea izan dugu. Horietako bat, gainera, alegia, Euskal Herria Mendi Erronka hitzordu ofiziala izan da: ultra modalitateko Nafarroako Txapelketa. Bada, Leitzako irteerara 446 lasterkari hurbildu ziren. Lehia indibiduala izateaz gain, taldekakoa ere jokatu zen.

Gizonezkoen mailari dagokionez, Borja Zubizarretak lasterketa biribila egin zuen. 67 kilometroko eta 7.200 metroko desnibel metatua zituen ibilbidean oso erregularra izan zen; une oro lehenbiziko hiru postuetan izan zen. Azkoitiko korrikalariaren estrategiak ondo funtzionatu zuen, eta lehen postuan zeharkatu zuen helmuga, 6 ordu 31 minutu eta 18 segundoko denborarekin; errekor berriarekin, alegia. Imanol Cañamares eta Ibai Primicia elkarrekin heldu ziren Leitzan zegoen helmugara, 7 minutu eta 42 segundora. Lehen bi nafarrak izan ziren.

Naroa Uriak irabazi zuen, bestetik, emakumezkoen kategorian. Lehen sailkatuen artean lehia estua izan zen. Azpeitiarrak beste martxa bat sartu zuen Ireberren (56 km) eta lehen postuan iritsi zen Leitzara. Olatz Azazeta bigarren izan zen, irabazlearengandik 6 minutu eta 43 segundora. Nafarroako Txapelketa eraman zuen altsasuarrak. Miren Bastida hirugarren postuan sailkatu zen, 16:29ra.

Erreleboen lehian, azkenik, Paula Alberdik eta Mikel Arriolak osatutako taldea nagusitu zen.

IRATI ETA GASTEIZ

Nafarroatik irten gabe, Irati Trail lasterketak 450 korrikalari, 30 kilometro eta 2.000 metroko goranzko desnibeleko ibilbidea izan zituen. Irati-Salazar taldeak antolatutako hitzordu hori Eneko Mazak irabazi zuen 3:10:01eko denborarekin. Bigarren postuan Miguel Mujika helmugaratu zen bilbotarrarengandik ia 2 minutura. Mikel Otaño hirugarren izan zen 10 minutu eta 51 segundora.

Alacanteko Nuria Ortak ia lasterketa osoa menderatu zuen. Garaipen handia sinatu zuen 4:07:14ko denborarekin. Maribel Jaillita bigarren izan zen (3:11:57), eta Amets Maiztegi, hirugarren (4:11:19).

Azkenik, Manuel Iradier Txangolari Elkarteak antolatutako Gasteizko Mendiak lasterketa (62 kilometro eta 5.000 metroko desnibel metatua) Markel Urigoitiak irabazi zuen mutilen kategorian, 5:21:58ko denborarekin. Nesken mailan, berriz, Ainara Urrutia aretxabaletarra aise gailendu zen 6 ordu eta 35 minutuko denborarekin.