Amaia EREÑAGA
BILBO
HAZPARNETIK IRUÑERA, BADATOR EUSKAL HERRIKO BERTSOLARI TXAPELKETA

Zazpi herrialdeetara inoiz baino gehiago zabalduko den bertsoa

Berrikuntzekin dator irailaren 19an Hazparnen abiatu eta abenduaren 20an Nafarroa Arenan amaituko den Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren hemeretzigarren edizioa. Lurraldeen arteko parekotasunak emandako «nazio ikuspegia» ardatz hartuta, ziklo berri baten abiapuntua izango da. Datu bat: parte har zezaketen 50 bertsolarien artean, bakar batek ere ez du kale egingo.

Bertsozale elkarteko eta txapelketako arduradun eta kideak, Kafe Antzokian egindako aurkezpenean.
Bertsozale elkarteko eta txapelketako arduradun eta kideak, Kafe Antzokian egindako aurkezpenean. (Gorka RUBIO | FOKU)

Badator Bertsolari Txapelketa Nagusiaren 19. edizioa, lau urtez behin egiten den euskal kulturaren hitzordu nagusietako bat. Jokatu dira jada Gipuzkoako, Nafarroako, Bizkaiko, Xilabako eta Arabako txapelketak, eta bi data zehatzen artean -irailaren 19an, Hazparneko Mendebala aretoan; eta abenduaren 20an, Iruñeko Nafarroa Arenan- gauzatuko da bertsozaleen unibertsoko “lurrikaRa” berria.

Aurtengo edizioa Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa izenari edukia ematera datorrela dirudi. Horren irudikapena egin nahi izan zuten atzo Bilboko Kafe Antzokian bildu ziren ordezkariek. Ainhoa Urien lehendakaritza taldeko kideak, Oier Iurremendi Bertsozale Elkarteko koordinatzaileak eta Udane Mugarza txapelketako arduradunak hedabideen aurrean egindako aurkezpenean lagun izan zituzten Ekaitz Elorriaga (Arabako Bertsozale Elkartea), Aritz Bidegain (Bertsularien Lagunak), Belate Olabarria (Bizkaia), Oihana Aranguren (Gipuzkoa) eta Nerea Bruño (Nafarroa).

«‘Bertsolari Txapelketa Nagusia’ deitu diogu orain arte, baina aurrerantzean ‘Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa’ izango da», aipatu zuen Iurremendik. Lurraldetasuna zehar lerroa denez, «nazio ikuspegia lehen lerrora ekartzeko borondatea ere badu honela izendatzeak», gehitu zuen.

Ezer baino lehen, hemen datuak: Euskal Herriko lurralde guztietan egingo dira saioak, 15 guztira; 50 bertsolarik parte hartuko dute, horien artean, nola ez, Maialen Lujanbiok, laugarren txapelaren bila ariko baita. «2022tik sailkatuta zegoen finalisten zortzikotea eta herrialdeetako txapelketetatik sailkatutako 42 bertsolari ariko dira kantuan. Bertsolariez gain, 14 gai jartzaile eta 21 epaile izango dira. 2022ko txapelketarekin alderatuta, sei bertsolari gehiagok hartuko dute parte: bi Arabatik, bi Xilabatik eta bi Nafarroatik», argitu zuen Udane Mugarzak.

Datu adierazgarri bat: parte har zezaketen bertsolari guztiek eman dute izena, bai finalistek zein herrialdeetatik sailkatuek eta hori adierazgarria da oso, inork ez duelako kale egin. «Ez da ohikoa izaten», gehitu zuen Mugarzak. Lehenengo fasean, beraz, 42 bertsolari izango dira kantuan: 4 Arabatik, 10 Bizkaitik, 16 Gipuzkoatik, 7 Nafarroatik eta 5 Xilabatik sailkatuak. Hastapeneko fase hau irailetik urrira arte luzatuko da -Hazparneren ondoren (irailak 19), Altsasu (irailak 26), Lekeitio (irailak 27), Donapaleu (urriak 3), Tolosa (urriak 4), Gotaine-Irabarne (urriak 10) eta Agurain (urriak 11)- eta gero, jarraian, finalaurrekoak jokatuko dira Larraun-Lekunberrin (urriak 24), Eibarren (urriak 31), Gernika-Lumon (azaroak 7), Biarritzen (azaroak 14), Donostian (azaroak 21), Gasteizen (azaroak 28) eta Bilbon (abenduak 5). Finala, Nafarroa Arenan izango da, 2022ko aldian bezala.

Bonuak eta saio guztietarako sarrerak ekainaren 17an, 10.00etan, jarriko dira salgai bertsosarrera.eus helbidean eta elkarteko bazkideek finalerako erreserbatuta izango dute ekainaren 17tik 24ra. «Bertsolaritzak gure egunerokoari kantatzen dio», gehitu nahi izan zuen Iurramendik. «Pertsonok inguratzen eta zeharkatzen gaituen horri buruz dihardu bertsolariak eguneroko plazan. Eta txapelketa da horren erakusleiho handiena. Udazkenean, beraz, mapan kokatu nahi dugu bertsoa, kultura eta euskara, baita Bertsozale Elkartearen balio diren lurraldetasuna, belaunaldiartekotasuna eta feminismoa ere».