Arnaitz GORRITI
SASKIBALOIA

Euskal Selekzioak Eslovakia gainditu du

Joseba Lizarralde «Rubio»-k zuzentzen duen taldeak 72-64 irabazi zuen dema ostegunean Zarautzen, eta 74-68 Beasainen, atzoko bigarren hitzorduan.

Alazne Canalesek 22 puntu pilatu zituen Zarautzen.
Alazne Canalesek 22 puntu pilatu zituen Zarautzen. (Jon URBE | FOKU)

Euskal saskibaloi selekzioen urteroko uda sasoiko jarduna ostegun arratsaldez hasi zen Zarauzko Aritzbatalde kiroldegian. Emakumeen 20 urtez azpiko Euskal Herriko selekzioak -Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako jokalariz soilik osatua, dena den- 72-64 irabazi zion Eslovakiako selekzio adinkideari. 22 punturekin Arrasateko Ointxe taldeko Alazne Canales izan zen neurketako saskiratzaile nagusia, eta CB Araba taldeko Uxue Ariztik 19 sartu zituen.

Jaurtiketan ez ziren oso fin aritu Joseba Lizarralde Rubio-k zuzentzen dituen neskak. Esaterako, hirukoetan lau (4) ahaleginetik bakarra (1) sartu zuten, eta jaurtiketa libreen marratik, 29 saiakera eginda, 15 baino ez zituzten uztaitik barrena pasarazi. Dena dela, eslovakiarrek ere ez zuten egunik finena izan saskira begira, eta horrez gain euskal jokalariak erreboteetan nagusi izan ziren, Europa erdialdeko jokalariek baino hamar errebote gehiago jaso zituzten eta.

Saskira begira egunik onena izan ez arren, neurketa estua eta gogoangarria jokatu zuten bi taldeek. Alderik handiena euskaldunek eraman zuten, 11 puntuz aurretik. Hala ere, azken minutuetara arte ez zen hautsi norgehiagoka, ordurako makina bat berdinketa eta lidergo aldaketa gertatu baitziren. Euskal Selekzioak azken laurdenean defentsa estutu zuen eta 20-12ko partziala eskuratuta jo zuen aurrerantz. Eslovakiarren artean Michaela Oravcovaren 21 puntuek markagailua berdindurik mantendu zuten, baina azken minutuetan estuago lotu zuten eta hortik atera zuten neurketa euskal jokalariek. Atzo Beasaingo Antzizar kiroldegiko lehian, aldiz, Daiana Gutierrezek 12 puntu sartu zituen.

Euskal selekzioen hurrengo hitzordua hemendik denbora gutxi barru, Portugalen, Sangalhos herrian, izango da. Bertan 20 urtez azpiko mutilen Euskal Selekzioak Portugalen, Txekiar Errepublikaren eta Hungariaren aurka jokatuko du uztailaren 2an hasi eta 6an amaituko den nazioarteko torneo batean.