XABIER IZAGA
GASTEIZ

«Get Me a Stone», erresistentzia, konpromiso eta elkartasun harriak

Rosalind Nashashibi artistaren “Get Me A Stone” erakusketa aurkeztu zuten atzo Artium museoan. Artistak azken urteetan egindako margolanek eta “Occupation of The Inner Life” filmak osatzen dute erakusketa, Gazako egoerarekiko kezka eta konpromisoa islatzen dituena. Era berean, #Hitzak saileko beste ale bat argitaratu du museoak, Nashashibiren lanaren ingurukoa, Elena Narbutaite artista lituaniarraren bi testu biltzen dituena.

Rosalind Nashashibi Artiumen, bere margolan baten ondoan.
Rosalind Nashashibi Artiumen, bere margolan baten ondoan. (Endika PORTILLO | FOKU)

Artium museoak “Get Me A Stone” erakusketa aurkeztu zuen atzo. Rosalind Nashashibi (Londres, 1973) artistak azken bost urteetan egindako margolanak eta “Occupation of The Inner Life” filma daude ikusgai bakarkako erakusketa honetan. Lanek islatzen dute artistak Gazako zerrendako egungo egoerarekin duen lotura afektibo eta politikoa.

Catalina Lozano komisario buruak azaldu zuenez, Nashashibiren pinturak Gazako sarraskiaren irudiek «ematen ez diguten zerbait ematen digu: bitartekotza sentikorra, pertsonala eta afektiboa».

Bi bitarteko nagusi erabiltzen ditu Nashashibik, zinema eta pintura, eta elkarren arteko lotura estu eta nabarmena dute; hala ere, sail honetan pinturaren indar bereziak azken bi urte eta erdian ikusi diren irudien basakeria «indargabetzen» du, indarkeria horri garrantzirik kendu gabe.

Azaldu dutenez, ekintza piktorikoan sortzen den espazio bat dago, irudikapena gainditzen duena. Bertan, «adierazpen hutsa gainditzeko modu gisa agertzen da sinbolikoa, baina baita norbera kokatzeko moduko afektuak aktibatzeko modu gisa ere».

Izenburuko harriak erresistentzia sinboloak dira. Margolan batzuetan agertzen diren eskuetan daude, «menderatzaileari aurre egiteko lehenengo keinu gisa».

“Occupation of The Inner Life” (“Barne bizitzaren okupazioa”) filmak margolaritza familia egoerekin lotzen du eta zeregin artistikoaren eta konpromiso politikoen azpiko afektuak aipatzen ditu.

ELKARTASUNAREN LAGUNGARRI

Nashashibik azaldu du erakusketako lanen nondik norakoa: «Azken urteetan, pinturan hizkuntza bat aurkitzen saiatu naiz, egoeraren inguruko nire frustrazioei edo miseriari aurre egiteko, eta sentimendu horiek pinturan lantzen».

Uste duenez, lan honek elkartasuna aurkitzen eta aldi berean ematen lagundu dio, «lana eginez, aktibismoaren bidez eta adiskidetasunaren bidez, 2014an Gazara joanez, baina baita nire komunitateko beste pertsonekin lortzen dudanaren bidez ere».

“Occupation of The Inner Life” filmean artistaren alaba agertzen da, 18 urte bete berri dituen neska, tarot saio batean. Bere etorkizunaren berri jakin nahi du eta galdera bat egiten du: «Esango al didazu noiz maiteminduko naizen?». «Zure mundua zabaltzeko itxaron behar duzu», erantzuten dio Tarot irakurleak. Horren inguruko hausnarketa egiten du Nashashibik, «zer gertatzen den barne bizitzarekin okupazio egoera batean, zer gertatzen den Gazan ametsekin eta etorkizun horiekin».

Erakusketa azaroaren 1era arte egongo da ikusgai A1 aretoan, eta haren barruan #Hitzak saileko beste ale bat argitaratu dute, Nashashibiren lanaren ingurukoa, komisarioen ekarpenak eta Elena Narbutaite artista lituaniarraren bi testu biltzen dituena.