Estibalitz EZKERRA
Literatura kritikaria

Loteria (I)

AEBko unibertsitateetan gradu guztietako lehen mailan eskaintzen diren composition (idazketa) delako derrigorrezko kurtsoetan klasiko bat da berez klasiko bat den Shirley Jacksonen “The Lottery” (Loteria) erabiltzea analisi erretorikoaren nondik norakoak azaltzeko eta pentsamendu kritikoa lantzeko. Izan ere, 1948an “The New Yorker”-en argia ikusi zuen ipuinaren ustekabeko amaiera izugarriak aukera ematen du konformismo itsuaren eta indarkeriaren normalizazioaren arriskuen gainean gogoeta egiteko. Fikziozko komunitate estatubatuar bat du ipuinak protagonista, urtero “loteria” bezala ezagutzen den ospakizuna antolatzen duena uzta onak bermatzeko eta herria kalte orotik babesteko. Tradizio herrikoiaren muinean erritu beldurgarri bat dago, ordea, loteriaren irabazlea komunitateko gainerako kideek hil arte harrikatua baita. Agian nire irudipena da, baina urtetik urtera oporretan herritik kanpora bidaiatzera bultzatu nahi gaituzten publizitate kanpainak beren limurtasunean geroz eta oldarkorragoak direla uste dut. Ez da lehia kontua bakarrik; nolabait konbentzitu egin nahi gaituzte turismoa beharrezkoa eta, beraz, onuragarria dela, guztiok dugulako zer irabazirik hortik, dela aisia eta atsedena (bidaiaria bazara) dela etekin ekonomikoa (zuzenean ala zeharka, turisten jasotzailea bazara).