Jarduera ezberdinek bat egiten dutenean

Azken asteotan, mendiko eskiko “erakusleihoa” bete-beteta egon da. Ingurumari honetan zein munduko mendilerro ugaritan jarduera oso adierazgarriak egin dira. Lerrootara horietatik hiru ekarri ditugu.
Matthias Girauden sinadura darama lehenbizikoak. Maiatzaren 28an, muturreko jaitsieretan espezialista den frantziarrak Chamonixen gainean dagoen ibilbide historiko bat osatu zuen. Hain zuzen ere, Giraudek Aiguille du Planeko (3.673 m) iparraldeko aurpegiko lehen eski-BASE jaitsiera egin zuen.
Frantziarrak inguru hartako horma zorrotzenetarikoa aukeratu zuen. Horretarako, jakina, alpinismoa, eskia eta BASE jauzia uztartu zituen. Alex Perinet mendi gidariarekin egin zuen igoera. 20 kiloko zama bizkarrera eraman zuen; hots, eskiekin eta parapentearekin batera alpinismoko tresneria bizkar zakuan sartu zuen. Goizeko bederatzietan gailurra zapaldu eta gero, eskiak jarri eta 600 metroko ibilbide tente bat jaisteko prestatu zen. Tarte jakin batzuetan, 50°-ko aldatsak eskiatu behar izan zituen. Horrez gain, jaitsiera horretako une zailenean 60 metroko pare bat rappel egin zituen, eta, ondoren, korridore oso arriskutsu batean sartu zen. Hormaren ia oinarrira iritsi zenean, 55 metroko serac erraldoi bat zain zuen. Hura eskiatzeko aukerarik ez zuenez, jausgailua zabaldu eta hegan egin zuen.
ANDEAK
Maiatzaren 28an ere, Fay Mannersek eta Marco Malcangik Peruko Mendilerro Zurian dagoen Ranracalpan (6.162 m) ibilbide berri bat eskiatu zuten. “Acceso Momentaneo” (900 m, 5.1, E3) deitu diote.
Girora egokitu ostean, bikote hori Vallunarajura (5.686 m) abiatu zen. Baina Morena kanpalekuan zeudela, Ranracalparen eta Oschapalcaren artean dagoen lepotik jaisten den marra erakargarri bat ikusi zuten. Alabaina, itxura dramatikoa zuen. Beheko sekzioa oso puskatua (seracak eta arrakala handiak) zegoen bitartean, goikoak irudi adeitsuagoa zuen. Ikusitako bideak asko erakarri zituen, eta helburuari ekin zioten: eskalada zorrotza eta eskia.
ANETO
Amaitzeko, Marc Ollerren izena aipatu behar dugu. 49 urteko Jakako mendizalea itsua da, eta gai izan da Aneto (3.404 m) Pirinioetako tontor garaiena igo eta eskiekin jaisteko. 15 orduko jarduera izan zen. Lehen itsua da hori egiten. Hilabete honen lehen egunean Oller prest zegoen jarduera hori gauzatzeko. Zortzi mendizaleren laguntza izan zuen, eta, aurreratu behar da elur eskasiarengatik kondizio txarrak izan zituela.

Una correctora de euskara corrobora que «se puede sacar un cero y menos»

«En Irulegi vivía gente mil años antes de los vascones de ‘abaŕ’ y la Mano»

Respuestas de perfil y de cara a una crisis desconocida hasta la fecha

Garratz Zabarte hil da, 29 urte espetxean eman zituen euskal preso ohia
