Iraia CAMBRA
ZETAK TALDEAREN IKUSKIZUNA BILBON

MITOAROA III-k San Mames distopiko bihurtu zuen

Zetak-ek Mitoaroa III aurkeztu zuen lehenengoz ostiralean, San Mamesen, musika, antzerkia eta ikus-entzunezkoak uztartuz. Milaka lagun 2084ko unibertso distopikoan murgildu ziren, non adimen artifiziala, kontrol soziala eta erresistentzia ziren nagusi. Kontzertuaz haraindiko esperientzia oso bat eskaini zuen talde nafarrak.

Lerro hauen ondoan, San Mames estadioa jendez leporaino. Azpian, Pello Reparaz Mitoaroa IIIren unibertso distopikoan murgilduta.
Lerro hauen ondoan, San Mames estadioa jendez leporaino. Azpian, Pello Reparaz Mitoaroa IIIren unibertso distopikoan murgilduta. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Argi geratu zen Zetak-ek Mitoaroa III-rekin esperientzia narratibo bat proposatu nahi zuela, musikaren eta ikus-entzunezko emanaldi indartsu baten bidez. Milaka lagun elkartu ziren ostiralean San Mamesen talde nafarrak eraikitako unibertso distopikoan murgiltzeko prest.

Eguerditik bertatik jende ugari ibili zen estadioaren inguruan. Taldeak prestaturiko egitarauari esker, kanpoaldeko gunea ireki zuten, janari eta edari postuekin eta merchandisinga erosteko aukerarekin. Pixkanaka ikusleak iristen hasi ziren eta arratsaldean Marabiyak Sound bike sound system mugikorrak giroa berotu zuen. DJ Reimyk eta hiru trizikloek musikaz bete zuten ingurua, kontzerturako ordu batzuk falta zirenean.

Euriak ere ez zuen publikoaren ilusioa zapuztu. Hala ere, ateak ireki aurretik giro berezia sortzen hasi zen. Beltzez jantzitako hainbat pertsona agertu ziren, aurpegia zuri eta argi urdinak zituztela, polizia-roboten itxura hartuta. Une batean, Jose Angel Iribarren estatuaren gainean protestari bat azaldu zen megafonoa eskuan. Sare Beltzaren aldeko mezuak zabaldu zituen eta etorkizuneko gizartearen aurkako aldarriak egin zituen.

Sarrerako ateetan izandako arazoek, ordea, ikusle asko kaltetu zituzten. Sarbide batzuk aldatu behar izan zituzten eta hainbat lagunek ilaran luze itxaron ondoren beste ate batzuetara jo behar izan zuten. Horren ondorioz, ikus-entzule batzuek emanaldiaren hasierako zatia galdu zuten.

ZAINKETA, URDURITASUNA ETA MISTERIO GIROA

Mitoaroa III 2084. urtean kokatutako etorkizun distopiko batean girotuta zegoen. Kontzertua hasi aurretik bertatik ikusleak mundu horretan murgiltzen hasi ziren. Manifestariaren mezuak, pantailetan agertzen ziren irudiek eta taldeak aurretik argitaratutako dokumentu sailkatuek errealitate berri horren oinarriak aurkeztu zituzten: hizkuntzaren galera, adimen artifizialaren nagusitasuna eta gizartearen kontrola.

Protestariak behin eta berriz aldarrikatu zuen sistema ez zela gorputzak kontrolatzen ari, arimak baizik. «Sare Beltza existitzen da», oihukatu zuen hainbatetan. Polizia-robotek atxilotu egin zuten eta oholtzaren erdian jarritako zelda batera eraman zuten. Kontzertua hasi arteko ordubetean bertan egon zen, ikusleen begiradapean.

Argiak itzali zirenean abiatu zen benetako bidaia. Une horretan izaki misteriotsu bat agertu zen oholtza azpitik. Drone urdin batek inguratzen zuen bitartean, argi zuriak eta tiro hotsak zabaldu ziren estadio osoan.

Pello Reparaz pantailan agertu zen lehenik, zuri-beltzeko irudietan. Polizien artean eszenatokiraino iritsi zen eta, dantzari robotikoekin batera, “Deskontrola” abestia eman zuen. Hasieratik argi geratu zen ikuskizunak ez zuela musika soilik eskainiko.

Ondoren iritsi zen “Su”, eta nafarrak euskararen alde aldarri egin zuen. Reparazek publikoari euskara erabiltzeko gonbita egin zion, euskalkia edo maila edozein izanda ere. Kamera eta pantailen bidez mezua gaztelaniazko eta frantsesezko azpitituluekin lagunduta zabaldu zen.

EKO-0REN UNIBERTSOAN SARTZEKO GONBIDAPENA

“Zoriontasuna” eta “Errepidean” kantuek dantzan jarri zuten San Mames. Hala ere, etorkizuneko sistemaren mezuak etengabe agertzen ziren pantailetan: nortasun azterketak, kontrol mekanismoak eta obeditzeko aginduak.

Lehen gonbidatuak oholtzara igo ziren. Fillas de Cassandrak “Anguleele” interpretatu zuen Zetakekin batera, tinbalak eta danborrak protagonista bihurtuz. Geroago, Jon Plazaolak eta Erika Olaizolak Pello Reparazekin elkarrizketa antzeztu zuten, Euskal Herriaren iraganaren eta etorkizunaren arteko zubia eraikitzeko. Ondoren etorri zen “Begi beltz” kantua. Yune Nogueirasen ahotsak une hunkigarria sortu zuen. Jarraian “Zeinen ederra izango den” iritsi zen; jendeak mugikorretako argiak piztu eta estadio osoa abesten hasi zen.

Kontakizunak aurrera eginda, Sare Beltzaren existentzia agerian geratu zen. Nogueiras gizateriaren gainbeheraz mintzatu zen eta Reparazi laguntza eskatu zion. Musikariak bere txip urdina kendu eta «Eko» deika hasi zen, beso robotiko batekin komunikatzen saiatuz.

MUSIKATIK HARAGOKO IKUSKIZUNA

Une horretan Zetaken alde elektronikoena agertu zen. Oholtza rave baten eta antzezlan distopiko baten arteko espazio bihurtu zen. Hala ere, sistemaren ordezkariek berriro geldiarazi zuten Reparaz eta atxilotuta eraman zuten.

“Zu” eta “Nirekin topatu naiz” kantuek publikoaren aldartea bizi-bizi mantendu zuten. Samantha Hudson ere oholtzara igo eta «sentitu, pentsatu eta egin» mezua zabaldu zuen. Gero, “Akelarretan” abestia iritsi zen, eta Reparazen tronboi soloak txalo zaparrada eragin zuen.

Kontzertuaren une hunkigarrienetako bat “Hitzeman” abestiarekin etorri zen. Abeslariak «erbesteratuak eta errepresaliatuak» gogoratu zituen, baita dagoeneko faltan direnak. Publikoak indar handiz erantzun zuen. Leire Colomoren bateria erakustaldiak ere une ikusgarria utzi zuen.

Beste momentu berezi bat Inaxio Kortabarria eta Jose Angel Iribar oholtzara igo zirenekoa izan zen. Ikurrina eskuetan, pasabide nagusia zeharkatu zuten, San Mamesen ziren guztiak txaloka. Jarraian Nafarroako bandera atera eta “Aralarko dama” abestu zuten.

UMOREA ERE BAI

Umorerako tartea ere izan zen. Aitziber Garmendia, Antton Telleria, Angel Alkain eta Samantha Hudson rave bateko komunen inguruko esketx batean agertu ziren. Marcos Grisonen beatbox erakustaldiak eta estadioan zeharreko ibilaldiek festa giroa sortu zuten.

“Itzulera” abestiarekin estadio osoak bat egin zuen. Pello Reparazek eskerrak eman zizkien euskal futbol taldeei, eta euskararen alde egiten duten ekarpena nabarmendu zuen.

Azken zatian tentsioa nagusitu zen berriro. Hasieratik agertutako izakia exekutatu zuten. Orduan “Hileta kantu nafarra” interpretatu zuen Reparazek, Maixux Zugarramurdi eta bere alabekin batera.

Musikariak Palestinan gertatzen ari dena ere ekarri zuen gogora, baita artistek horrekiko duten konpromisoa ere. Ondoren, Arbizuko lagun talde batekin batera “Errepidean” berrinterpretatu zuen punk kutsuarekin.

Erramun Martikorena ere oholtzan agertu zen “Xiberutikan mendebaldera” abesteko. Dantzariak eta eszenografiak berezi egin zuten momentua.

MEZUEN GARRANTZIA

Emanaldi osoan behin eta berriz agertu zen galdera bera: zer gertatzen da teknologiak gizakiaren gainetik agintzen duenean?

Azken txanpan, Reparazek makila apurtu eta argi urdin handi batek hartu zuen estadioa. Joaldunak agertu ziren atzealdean eta “Eguzkiloreak” izan zen amaierako abestia. Sua, argiak eta Maixuxen agerpenak amaiera ikusgarria eman zioten gauari.

Zetakek ez zuen kontzertu bat eman. Mitoaroa IIIren kapitulu berri bat partekatu zuen, etorkizunari, hizkuntzari, memoriari eta askatasunari buruzko galderak airean utziz. San Mamesen ikusitakoak erakutsi zuen talde nafarrak bere unibertsoa eraikitzen jarraitzen duela eta, amaieran iragarri bezala, 2027rako beste kapitulu bat dagoela bidean.