Joxemari CARRERE
Ipuin kontalaria

Erresistentzia

Fidaa Ataya ipuin kontalari palestinarra da. Amonarengandik jaso zuen ipuinak kontatzeko zaletasuna. Kontalaria izatea erabaki zuen Palestinan gertatzen dena azaltzeko, aurrekoen oroimena berreskuratzeko, ahaldun sentitzeko fantasiaren mundu horretan bidaiatuz. Hori guztia egungo palestinarrei transmititzea euren kultura, tradizioak eta herri izaera transmititzeko era dela uste du, ahaldunduak sentiarazteko, berak amonaren istorioak entzuten zituenean bezala. Espainiako Guadalajarako Ipuin Maratoian izan da hau guztia azaltzen, Palestinan bertan antolatzen duen Ipuinen Jaialdia aurkeztearekin batera. Fidaak ezin du bereizi bere kontalari jarduna Palestinak bizi duen sarraskitik; ipuinak herriz herri, plazaz plaza, kontatzen aritzea erresistentzia ekintza dela aldarrikatuz. Eta horrekin batera emakume kontalarien lana balioan jarriz, ahaldunduz. Bere hitzaldia entzun bitartean ezinbestean ahozko narrazioak gurean izan dezakeen erresistentzia izaera zetorkidan burura. Haurrei zuzendutako kontaketa saioak aisialdi hutsa ez ote dira bihurtu, gure tradizioarekin inongo loturarik gabeak? Ez ote da erresistentzia ekintza bat, euskaldunok belaunaldiz belaunaldi kontatu ditugun ipuinak “baginen, bagara eta izango gara” aldarrikatzeko modu bat? Erresistentzia fantastikoa.