«Denetik gutxi» ala pertsonen osasunean aditu?
Lehen arretako medikuak gaixotasun guztien inguruan baina denetik gutxi dakigun espezialistak al gara? Lau urte igaro dira BAME azterketa bukatu eta familia eta komunitate medikuntzako egoiliar bilakatu ginenetik. Osasungintzari dagokionez, urte nahasiak izan dira, etorkizuneko osasun erronkak bolo-bolo daude eta gaiarekiko kezka hedatu da: pribatizazioaren mantra, itxaronaldi amaigabeen betikotzea, mediku (batzu)en greba, gizartearen zahartzea, gaixotasunen eta ezgaitasunaren kronifikatzea, zaintzen krisia, aberastasunaren banaketa desorekatua, oinarrizko beharrizanak pribilegio bihurtu izana, ultraeskuinaren gorakada... Denak dira (Osakidetzak berak onartzen duenez) gizartearen osasunari kalte egiten dioten faktoreak.
Espezialitatea bukatu dugun honetan, hausnarketa batzuk konpartitu nahi genituzke. Izan ere, erronka horien aurrean ez da ez nolanahiko espezialitatea gurea. Covid-19aren pandemiaz geroztik gero eta argiago dago: «Osasun sistemen erdigunean egongo den lehen arreta indartsu bat» beharrezkoa da gizartearen osasun arazoei erantzuteko eta osasun sistemak bideragarriak izateko. Baieztapen horrekin ados gaude munduko herrialde gehienetako gobernuak, familia medikuntzako zientzia erakundeak, irakaskuntza unitateak eta, noski, osasun arretarengatik kezka adierazten duen herritarren gehiengoa ere.
Baieztapen horrek, baina, galdera ugari dakartza. Zein da lehen arretako profesionalek betetzen dugun funtzio soziala eta gizarteari egiten diogun ekarpena? Zein da gure espezialitatearen muina?
Espezialitatea egin ahala, galduta sentitu gara galdera horien erdian. Pertsona eta erakunde erreferentzialetatik erantzun kontraesankorrak jaso ditugu eta egoiliar bakoitzaren interes eta zorte indibidualaren araberako prestakuntza prozesuetan murgilduta ibili gara. Espezialistak bai, baina zertan aditu argiegi izan gabe. Egoera horrek sortutako egonezina izan zen Lehen Arretako Egoiliarren Sarearen (LAES) jaiotzarako arrazoi nagusietakoa.
Beraz... «Guztiaren inguruan gutxi dakigun horiek» al gara? Zer espezialitate klase da hori?
Ez da zilegi ebidentzia zientifiko mardulenaren arabera erdigunean egon behar duen espezialitate bateko profesionalek bere jardunaren ezaugarriak zeintzuk izan behar duten argi ez edukitzea, horien inguruan eztabaidan egotea eta horietan gaitzeko baliabiderik ez jasotzea. Esan beharrik ere ez dago hori ez dela beste espezialitate medikoetan gertatzen.
Galdera horiek badaude erantzunda baina. 2024. urtean adibidez, espezialitatearen irakaskuntza plan berria onartu zen, eta honako konpetentziak azpimarratzen zituen: pazientean zentraturiko metodo klinikoa, pertsonaren arreta biopsikosoziala, osasun ekitatea eta osasunaren gizarte baldintzatzaileak, komunikazio gaitasunak, familia eta komunitate arreta, osasunaren sustapena eta prebentzioa, ikerketa...
«Pertsonak bere osotasunean eta komunitatean artatzen dituzten profesional medikuak gara». Pertsonetan aditu. Horrek pertsonen bizitzetan osasun arazoekin (ez gaixotasunekin) lotutako momentu garrantzitsuenetan presente egoteko, horiek ulertzeko eta zer egin jakiteko gaitasuna exijitzen digu. Pertsonak artatzeak enpatia, asertibitate eta komunikazio gaitasunak eskatzen dizkigu. Komunitateak artatzeko, osasunaren gizarte baldintzatzaileen inguruko eta komunitateko aktiboen inguruko ezagutza beharrezkoa dugu. Eta, noski, osasun arazoekin lotutako momentu garrantzitsuenetan presente egoteak eta horiek era egoki baten artatzeak heriotza, dolua, zainketa aringarriak, dibortzioa, lan kaleratzeak... artatzeko prest egotea esan nahi du. Jarraitutasuna (Osakidetzan kupo finkorik gabeko medikuen kontratazioak hedatzen ari dira) eta inplikazioa.
Familia medikuok, osasunean positiboki eragin nahi badugu, ezinbestekoa dugu berau erdigunean jartzea: Unibertsitatetik hasi, BAME azterketarekin eta egoiliar ibilbidearekin jarraitu eta adjuntuen lanarekin bukatzeraino. Pertsonen osasun arazoak gaixotasunetik harago doaz eta lehen arreta indartsu batek suizidioen prebentzioan, genero biolentziaren prebentzio eta artatzean, gaixotasun irizpidea betetzen ez duten osasun mentaleko arazoetan, sexu transmisio bidezko gaixotasunen prebentzioan... eduki lezakeen funtzioan sinetsi beharko genuke, duela ia 50 urte onartzen diren konpetentziak garatuko bagenitu.
Baina zintzoak izanda, ez dago konpetentzia horiek gure eguneroko lanean duten pisuaren inguruko kontsentsurik. Osasuneko sailburua saiatu zen duela gutxi gure espezialitatea hiru urtera murrizten, eta espainiar Estatuko gero eta autonomia erkidego gehiagotan egin daiteke lan lehen arretako mediku gisa, espezialista izan gabe.
LAESen espezialitatearen zutabeak aztertu ditugu, formakuntzan aldaketa konkretuak proposatu ditugu, hausnarketa kolektiborako espazioak sortu ditugu, ikerketa proiektu ugari aurrera eraman ditugu eta lan eskubideen urraketen aurka mobilizatu gara. Hori (baita lan eskubideen aldeko borroka ere), gure funtzio soziala modu egokienean betetzeko anbizioarekin. Artikulu hau txiki geratzen da konpetentzia horiek garatzeko jasandako trabak azaltzeko, baita era boluntarioan egin behar izan dugun lana laburbiltzeko ere. Espezialitatearen balioa gaixotasun kronikoen kontrolean eta akutuen artatzean jartzen da (berebizikoak biak), eta horretan zentratzen da gure prestakuntza ibilbidea eta gure ebaluazioa. Galdetegi bat egin genuen LAESen, eta hona hemen egoiliarren erantzunak: %70ek baino gehiagok uste du formakuntza urria edo hutsala dela gaitasun komunikatiboetan, inekitateetan, ekintza komunitarioan eta ikerketan.
Ez da ez nolanahiko espezialitatea gurea, gizartearen osasuna garatzeko ezinbestekoa baizik. Horrek, baina, osasunarekin konpromisoa behar du, bai espezialista izatera goazenona, bai eta espezialistak sortzeko ardura dutenena ere. Familia eta komunitate medikuntzako espezialitate (auto)exijente eta prestigiotsu bat behar dugu, osasun arazoei erantzuna ematearekin konprometitua.
Guk bukatu dugu gure ibilbidea LAESen, jarraituko dute beste batzuek hala behar badute. Osasun Sistema publiko, unibertsal eta kalitatezko baten aldeko lanean ikusiko dugu elkar.

«En Irulegi vivía gente mil años antes de los vascones de ‘abaŕ’ y la Mano»

La familia de Ander quiere esclarecer los hechos que acabaron con su vida

Un joven fallece en Santurtzi tras actuar la Policía Local con una táser
