Andoni TOLOSA «MORAU»
Musikaria

Sarrerak

Sarrera erosi nuen; jakina, urtebete lehenago badaezpada, ez ote ziren agortuko. Sarrera erosi nuen, eta lasaitu egin nintzen, hain zen-eta indartsua nire grina, non hura asetze eta ziurtatze aldera ia edozer, ia edonoiz, ia edonon eta ia edonori ordainduko niokeela eskatutakoa. Gero denbora etorri zen, bere ohiko abiadurari eutsiz, ez zelakoan urtebete nahikoa azkar igaroko, eta to! Konturatzerako 365 egun zaharragoa nintzen. Grinari ere antzeko zerbait gertatu zitzaiola uste dut, baina alderantziz: epe hori maratoi handiegia gertatu zen harentzat. Desioa zahartu egin zitzaidan, nekatu, 12 hilabete eta lau egun lehenago martxan jarritako plan perfektuari itzalak, koskak eta arrakalak sortu zitzaizkion. Sarrera gauza kutunenak gordetzeko tiraderan zegoen. Noizean behin, zabaldu eta begiratu egiten nuen. Egun horretakoak buruan errepasatzen nituen, agendari eta egutegiari erreparatzen nien, baina hurbildu ahala gero eta urrutiago sentitzen nuen data seinalatua. Eta egunerokoaren zorioneko jenialtasunak, aldian behin, jaurtitzen dituen ezustekoetako batek kolpatu ninduen azkenik: familia-bazkari baten deialdia, uda atarian, sagardotegian. Tiradera bat-batean hilkutxa bihurtu zen nire grinarentzat. Prezio erdian saldu nuen nire pasioa. Badakit, tipo epela naiz, oso epela.