Iker IBARLUZEA
Meteorologoa
AZKEN PUNTUA

Infernuaren pare

Infernuan tenperatura freskoagoak izango ote zituzten zalantza sortu zait niri egun hauetan. Egunak joan eta egunak etorri, bai gauez bai egunez, tenperatura oso-oso altuak izan ditugu lurralde osoan eta oraindik ere hala izaten jarraitzen dute, bereziki hegoaldean.

Askok galdetu didate bero hau normala ote den. Tenperatura hauek une jakin batean izatea oso normala da ekainean eta udan; baina intentsitatea normaltzat jo behar bada ere, iraupenean normaltasun gutxi dago.

Maiatzean astebete izan zen tenperatura oso altuekin eta orain ekainean ere ia beste astebete egon gara tenperatura oso altuekin. Zertan ezberdintzen dira maiatzeko beroaldia eta oraingoa? Bada, oraingoan gauetan ez duela freskatu.

Aldaketa klimatikoaren testuinguruan geroz eta ohikoagoa den dinamika atmosferiko baten ondorio izan dira bero hauek. Dortsal antizikloniko batek, goietan isolatu den aire-hotz poltsa baten laguntzaz, Afrika iparraldetik aire masa subtropikal beroa sartu du, eta gugana sekulako beroa ekarri du.

Maiatzean ere halaxe izan zen eta beldur naiz udan zehar ere ez ote den halako beste egoeraren bat izango. Oraindik ez gara sartu urteko egunik beroenetan, eta espero dezagun orduan ez izatea halako egoerarik, bestela damutuko zaigu...