Kontakizunak (I)
AEBko langile klaseko gazteen artean hain zabaldurik dagoen droga mendekotasunari buruz irakurri ditudan liburu ederrenetarikoak dira Yaa Gyasiren “Transcendent Kingdom” (2020) eta Ocean Vuongen “The Emperor of Gladness” (2025). Lehenengoak belauneko lesio baten ondorioz analgesiko opioideen mendean erortzen den nerabearen droga gaindosiak eragindako heriotza du ardatz. Futbol arloan etorkizun oparoa izan zezakeen Nanaren zentzeak betiko markatuko ditu ama eta arreba txiki Gifty, azken horrek nobelan azaltzen duen bezala. “The Emperor of Gladness” eleberria, berriz, familia historia traumatikoak eta bizimodu hobe baterako aukera faltek bultzatuta drogak hartzen hasi eta haiekiko mendekotasunari buelta eman nahi eta ezin dabilen hemeretzi urteko Hairen bizipenetan oinarrituta dago. Liburu ederrak dira, hain zuzen, gertaerak ulertzeko nahiak gidatzen duelako kontakizuna inolako epai moraletan erori gabe. Gyasiren eta Vuongen nobeletako pertsonaiak gizaki arruntak dira, beren onenean zein txarrenean, sistema krudel batean harrapatuta. Bestelakoa da droga mendekotasunari ere heltzen dion JD Vancen “Hillbilly Elegy” (2016) liburuaren planteamendua. Familia historian oinarritutako lan horretan pertsonaiak beren baliabide faltaren eta horrek eragindako arazoen erantzule egiten ditu gaur egun AEBko presidenteordea den Vancek.

Inédito acuerdo PNV-EH Bildu por el euskara y contra el atropello judicial
Cero en euskara: un fraude de ley

La revisión de los ceros de la PAU apenas altera la corrección hecha
