Aitziber Pz. KARKAMO
Kazetaria
AZKEN PUNTUA

... eta abar

Zaila da egunotan suziri bati begira jartzea, algarak baino isiltasunak hartu dituenean kaleak, soilik negarrak hausten duen isiltasun pisutsuak. Tragedia Iruñeko Alde Zaharraren bihotzean jazo dela diote lerroburuek eta erranen nuke ez dela metafora. Izan ere, bihotzean zerbait hautsi zaigu askori, noizbait Nabarrerian jesarrita egon garen denoi, manifestazio baten ostean noizbait Nabarrerian lagunekin elkartu garen denoi, sarri Nabarrerian bizitza ospatzera bildutako denoi.

Izan ere, hori da Iruñea, bizitza ospatu nahi duen hiria. Egun gutxi falta dira bere arima hankaz gora jarriko duen txupinazoa jaurtitzeko. Indarkeria sexistaren aurkako plataformaren alde bozkatu genuenok ere begi onez ikusten dugu Nafarroako larrialdi zerbitzua izatea aurtengo hautatua, biek ala biek bizitzaren alde egiten dutelako, ustez ongizatea eta osasungintza defendatzeko elitismo berekoitik ari direnen aurrean.

Etorkizuna bizirik nahi duen jendartea da gurea, historiari begiratzen diona, historia idazten ari delako. Hargatik, zaila bada ere, muzin egin diezaiegun ustezko antropologia, arkeologia eta hizkuntzalaritza adituei, beti izanen baitute gure izaera gutxiestearren hau edo bestea errateko eta abar eta abar erranen dute. Baina gu, gurera, hamar baino, hamaika ditugulako egiteke eta egiteko.