Gaizka IZAGIRRE
Zinema kritikaria

Erritmoaren arkitektoak

Nire pelikularen lehen muntaketa ikusten dudanean, neure burua hiltzeko gogoa izaten dut». Hori da Ben Affleckek “This Past Weekend” podcastean botatako esaldia.

Affleckek zintzotasun osoz aitortu zuen filmaketa ez dela ikus-entzunezko ekoizpen baten fase erabakigarriena. Haren ustez, sormen-prozesuaren zati handi eta garrantzitsuena kamerak itzali ondoren gertatzen da, muntaketa gelan. Zuzendariaren eta muntatzailearen arteko komunikazioaren garrantzia ere azpimarratu du Affleckek.

Izan ere, zinema muntatzailea, paradoxikoki, ikus-entzunezko lengoaiaren figura erabakigarrienetako bat da, baina, aldi berean, publiko zabalaren begietatik ezkutuen dagoenetako bat: ia ikusezina.

Zuzendariak, aktoreak, argazki zuzendariak edo soinu banda izan ohi dira arreta gehien jasotzen dutenak; muntaketa, berriz, itzalean geratzen da.

Muntatzaileak ematen dio forma denborari. Hark erabakitzen du begirada batek zenbat iraungo duen, isiltasun bat noiz bihurtuko den deseroso edo eszena batek zein unetan hartuko duen beste esanahi bat. Erritmoaren arkitekto ikusezina da.

Horregatik, muntatzailearen figura aldarrikatzea ezinbestekoa da. Zinema arte kolektiboa dela gogorarazten digulako, eta pantailan hunkitzen edo harritzen gaituen une bakoitzaren atzean badagoelako norbait, isilean, noiz moztu erabaki duena.