Bilbao BBK Live jaialdian mugitzeko gida laburtua
Hasi da Bilbao BBK Live jaialdiaren 20. edizioaren atzerako kontaketa: sarrerak, garraioa... hiria prestatzen ari da ostegunetik larunbatera bitartean egingo den Kobetamendiko hitzordu berezirako. Igandean, hilaren 12an, Bilboko kaleetara jaitsiko da jaialdia, euskal taldeei eskainitako doako egitarau batekin. Bien bitartean, Udalak eta jaialdiak, 20. edizio honi begira, hainbat gomendio zabaldu dituzte.

Bilbo prestatzen ari da ostegunean hasiko den Bilbao BBK Live jaialdiren 20. edizioari begira. Ehun artistak baino gehiagok hartuko dute parte hainbat zaletu mugiarazten duen hitzorduan; iazko edizioan 115.000 pertsona igaro ziren Kobetamenditik. Jendetza horri behar bezalako arreta emate aldera, Udalak eta jaialdiaren antolakuntzak, sail ugariren artean, koordinatutako operatibo bat planifikatu dute.
SARRERAK ETA ESKUMUTURREKOAK
Sarreraren truke eskumuturrekoak jasotzeko aukera dago gaur Kale Nagusiko BBK aretoan (11.00-20.00). Bihartik aurrera eta larunbatera arte San Mamesen eta BECen ere jaso ahal izango dira (goizeko 10.00etatik goizaldeko 02.00etara). Adi, zeren ohikoa denez, jaialdiaren esparruan ezin izango da sarreraren truke eskumuturrekoa eskuratu. Are gehiago, jaialdiko autobusetan ezin izango da sartu eskumuturrekorik gabe.
Ateak 17.00etan irekiko dira egunero. Barnean dena erabat cashless izango da; hau da, eskudirurik gabeko jaialdia da Bilbokoa. Ordainketa guztiak eskumuturra biratze hutsarekin egin ahal izango dira; jaialdira datozen guztiek eskumuturrekoa jasoko dute sarrera baliozkotzen dutenean eta online kargatu dezakete, webgunearen bitartez edo fisikoki, Kobetamendiko esparruan jarriko diren puntuetan. Duela urte batzuk jasotako kritikei aurre eginez, antolatzaileek aipatu zuten dirua online kargatu dutenei automatikoki itzuliko zaiela sobera geratu zaien zenbatekoa, inolako kosturik gabe eta transferentzia egiteko gutxieneko zenbatekorik gabe. Jaialdiko postuetan kargatu dutenek, berriz, uztailaren 16tik aurrera eskatu ahal izango dute itzulketa.
IGO ETA JAISTEKO AUKERAK: OINEZKOEN SARBIDEA
“Kobetamendi irteera” 2,5 kilometroko ibilbidea da. San Mameseko zabalgunetik hasi eta, gutxi gorabehera, ordu erdian egiten da, txaranga batek animatuta.
Oinezko jarduera honen bidez, eta jai giroan, karbono aztarna murriztu nahi da, eta aldi berean, publiko guztien parte hartzea aktibatzea bilatzen da, jaietako esperientzia kontziente bihurtzeko eta publikoaren inplikazioa saritzeko.
AUTOAN: KOBETAMENDIKO SARBIDEAK
Kobetabidea itxita egongo da Basurtu Kastrexana errepideko bidegurutzetik, eta sarbidea Mintegitxueta auzotik, Masustegitik eta Altamiratik izango da.
Ibilgailu pribatuen kasuan, lehen murrizketak bihar ezarriko dira, 11.00etatik aurrera, eta igandera arte egongo dira indarrean. Guztiz debekatuta dago kontzertu guneetara zein kanpalekura ibilgailu pribatua erabiliz sartzea.
AUTOBUSAK: ERRESERBAPEKOAK...
Autobus zerbitzua egongo da, aurrez erreserba eginda. Zerbitzu horrek bi abiapuntu izango ditu: Felipe Serrate kaletik (San Mames ondoan) eta, iaz bezala, BECetik ere, jaialdiko egun guztietan, 16.00etatik 22.00etara, hamar minutuan behin. Bidaiaren prezioa 3 eurokoa izango da eta soilik igotzeko izango da.
Mugikortasun urriko pertsonentzako autobus zerbitzua ere eskainiko da San Mamesetik jaialdiko sarreraraino 17.00etatik 04.00etara, ostegunean, eta 05.00ak arte, ostiral eta larunbatean.
... ETA DOAN
Autobus zerbitzu berezia ere izango da, doan, esparrura joan eta handik itzultzeko. Ohi bezala, joanekoan busak BECetik abiatuko dira, Ansioko metro geltokiaren ondotik -ibilgailuak aparkatzeko 3.500 leku egokituko dira- eta San Mames ingurutik, Basurtuko Kaputxinoen kalearen atzealdetik, BAMI eraikinaren (Ogasuna-EITB) atzealdetik, hain zuzen.
Etenik gabe emango dute zerbitzua, biharko 12.00etatik igandeko 15.00etara. Jaialdiko egun guztietan, 16.00etatik aurrera, Beyena fabrika zenaren inguruan geratuko dira eta, handik, jendeak oinez joan beharko du jaialdiaren esparruraino.
METROAN: ZERBITZU BEREZIAK
Metro Bilbaok gaueko zerbitzua edukiko du. Metroak gau osoan ibiliko dira: 30 minutuan behin Bilbo barruan, eta orduero gainerako ibilbideetan.
TAXIAK
08.00etatik 16.00etara taxiak eta gidaridun garraio-ibilgailuak esparruko sarreraren ingururaino hurbildu ahal izango dira, bidaiariak uztera. Ordu horretatik aurrera, Beyenaren ondoan egokitutako geralekuan utzi beharko dituzte bidaiariak.

EHU comunica la rectificación de los ceros en la prueba de Euskara

Ni «oleada» de ceros, ni capricho del evaluador

Una correctora de euskara corrobora que «se puede sacar un cero y menos»

Respuestas de perfil y de cara a una crisis desconocida hasta la fecha
