Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
MILLENIAL MAL

Belaunaldien klixeak apurtzen dituen telesaila

Unibertsitateko gaztez mukuru dagoen festa batean agertzen den unetik bertatik, Judith protagonista ez da oharkabean pasatuko: enpatia eta arbuioa pizten dituen presentzia deseroso baina magnetikoa da. Gaur egungo munduari begiratuko dio, Z belaunaldiari zehazki, garaiz kanpo iritsitako bidaiari batek mapa zahar bat eskuetan hartzen duen moduan.

Judith langabezian dagoen 42 urteko emakumea da protagonista. Akats burokratiko baten ondorioz emango dioten beka bat kobratzeko, unibertsitatera itzuli beharko du. Campusaren kode berrietan harrapatuta, eta bere adina ezkutatzeko ahaleginean, bi ikaskideren laguntzaz itxura aldaketa egingo du.

Pertsonaiak estereotipo ezagunen gainean eraikita dauden arren, begirada berritu eta ironiko batekin marraztuak daude. Telesailak auto-parodiaren kutsua eransten die; emakumeek idatzitako komedia tradizioari egindako maitasun gutun moduko bat da. Testuinguru horretatik sortzen dira feminismoa, patriarkatua, lagun taldeen dinamikak, ikaskideen arteko lehia edota pertenentziaren beharra bezalako gaiak.

Berrogei urteetara iritsita, egonkortasunaren promesa asko ez zirela inoiz benetakoak izan ohartzen den emakume baten eskutik, sortzaileek krisi ekonomiko eta laboralak kateatu dituen belaunaldi baten erretratu arin eta dibertigarria osatu dute.

Telesailak belaunaldien arteko klixeak eta egoera esajeratuak baliatzen ditu umorea eraikitzeko, baina horien azpian bada bestelako begirada bat ere: nortasunari buruzkoa, zahartzeari buruzkoa eta bizitzak espero zen bidetik aldentzean geure burua berrasmatzeko dugun beharraz mintzo dena. Galduta sentitu arren, oraindik garaiz egon gaitezkeela gogorarazten digun istorio dibertigarria eta arina da.